Google Inc. edo Alphabet edo Google izenarekin soilik ezaguna, Interneteko bilatzailearen garapena duen enpresa da. 2015. urtetik Alphabet Inc. enpresaren adarra da. Enpresak Interneten presentzia handia du eta bere arloan nagusitasun handia duten zenbait aplikazioren jabe da.
Europako Batzordeak enpresa teknologiko erraldoiekin 2023an osatu duen zerrendan sartu zuen (Alphabet, Amazon, Apple, ByteDance, Meta eta Microsoft). Enpresa horiek merkataritza elektronikoari buruzko 2022an ezarritako arau berriak bete beharko zituzten Europan. Bruselak «atezain digital» gisa identifikatu ditu enpresa horiek, uste baitu nahikoa indar badutela merkatuaren oreka baldintzatzeko.
1998an sortu zuten Stanfordeko Unibertsitateko (Kalifornia) bi doktorek, Larry Page eta Sergey Brin. Hasierako produktu nagusia bilatzailea zuten arren, Interneteko beste zerbitzu ugari ere eskaintzen dituzte, eta etengabe ari dira zerbitzu berriak sortzen. Google produktuen artean, ezagunenak: Google bilaketa motorra, gmail posta elektroniko zerbitzua, Youtube, Google Drive, Google Maps, Google Chrome web arakatzailea, Chrome OS (Chromebooketan erabiltzen dena), Android (telefono eta tabletatan erabiltzen den sistema eragilea)...
NASDAQ burtsa indizean kotizatzen du GOOG izenpean. Googlen negozioa publizitatetik dator. 2019an YouTube plataformarekin bakarrik 15000 milioi dolar irabazi zituen.