1718ko matxinada herri altxamendu bat izan zen, Bizkaian eta Gipuzkoako zati batean gertatua, itsas portuetara eta Frantziako mugara Hego Euskal Herriko lurraldeen eta Gaztelako Erresumaren arteko aduanak eramatearen kontra; izan ere, Filipe V.aren Errege Agindu batek hala ezarri zuen 1717an.
Matxinadak espainiar armadaren espedizio bat eragin zuen hura erreprimitzeko eta, geroko frantses armadaren interbentziorekin batera, hamarkada aztoratua izan zen hurrengoa. Ondorio ekonomiko txarren eraginez eta egonkortasunaren premiaz, hala ere, aduanak lehengora itzuli ziren, barrualdera, erreforma batzuen ostean. Aduanei eta kontrabandoari buruzko aldundien eta Espainiako Koroaren arteko negoziazioek Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren sorrera ekarri zuten (1728).