1991ko Eurovision Abesti Lehiaketa | |
---|---|
Finala | Maiatzaren 3, 1991 |
Egoitza | Cinecittà, Erroma |
Aurkezlea(k) | Gigliola Cinquetti Toto Cutugno |
Antolatzailea | Radiotelevisione Italiana (RAI) |
Partaide kopurua | 22 |
Irabazlea | "Fångad av en stormvind" Carola ![]() |
1991ko Eurovision Abesti Lehiaketa urtero ospatzen den Eurovision Abesti Lehiaketaren 36. edizioa izan zen. Erromako Cinecittà estudioetan ospatu zen, Italian, maiatzaren 3an. Aurkezleak Gigliola Cinquetti (1964ko irabazlea) eta Toto Cutugno (1990eko irabazlea) izan ziren.
Hasiera batean, lehiaketa Sanremon ospatzea erabaki zen, Teatro Ariston antzokian, han ospatzen den Sanremoko kantu jaialdiaren omenez, Eurovision lehiaketa sortzeko eredua izan zelako. Hala ere, Golkoko Gerraren inguruan segurtasun kezkak azaldu ziren, eta RAIk lehiaketa Italiako hiriburura eramatea erabaki zuen.
Garailea Suediako Carola izan zen, "Fångad av en stormvind" kantuarekin. Suediaren hirugarren garaipena izan zen. Suediako Carolak eta Frantziako Aminak puntu kopuru berdina lortu zuten. 1969tik lehen aldiz eman zen berdinketa bat sailkapenaren buruan, baina 1969an ez bezala, berdinketa hausteko arauak zeuden indarrean. Bai Suediak bai Frantziak lau hamabi-puntu sorta lortu zituzten, baina Suediak bost hamar-puntu sorta lortu zituen eta Frantziak bi; hori dela eta, Suedia suertatu zen garaile.
Hogeitabi herrialdek hartu zuten parte, aurreko urteko kopuru berdina, ordungo errekorra. Herbehereek etena egin zuten partaidetzan, erabakitako data Herbeheretan Memoria Eguna izateagatik. Maltak hamasei urte ostean bueltatzeko aukera izan zuen. Alemaniak lehen aldiz hartu zuen parte herrialde bateratu bezala.