| |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
| |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Hautes-barrutien emaitzen mapa. | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Komunen Ganberaren osaera hauteskundeen ondoren. | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
|
2017ko Erresuma Batuko hauteskundeak 2017ko ekainaren 8an izan ziren, ostegunean. Hauteskunde horietan Erresuma Batuko Komunen Ganberaren 57. legealdiko 650 parlamentariak (MP deituak) hautatu ziren, "first-past-the-post" bozkatze-sistema erabiliz, Erresuma Batua osatzen duten lau herrialdeetan. Hauteskundeak Alderdi Kontserbadorea Gobernuko alderdiak irabazi zituen berriz ere, baina zeukan gehiengo osoa galdu zuen, eta ondorioz gutxiengo Gobernua osatu zuen Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistarekin akordio bat sinatu ondoren.
Alderdi Kontserbadoreak koalizio gobernu bateko kide nagusi gisa gobernatu zuen 2010eko hauteskundeetatik, eta gehiengo osoan bere kabuz 2015etik. Hauteskundeak baino lehen 17 eserlekuko gehiengoa zeukan Komunen Ganberan, eta haren aurkari nagusia Jeremy Corbinek zuzendutako Alderdi Laborista zen. Legearen arabera, hauteskundeak ez ziren zertan 2020ko maiatzara arte ospatu, baina Theresa May Lehen Ministroak hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen, eta aurrerapena gauzatzeko Komunen Ganberako bi herenen langa gainditu zuen 2017ko apirilaren 19an. Mayren helburua parlamentuko gehiengoa handitzea zen, Brexit negoziaketetara indartsuago joatearren.[2]
Hauteskunde kanpaina hasi baino lehen, inkestek alde zabala ematen zieten Kontserbadoreei Laboristen gainetik, baina kanpainak aurrera egin ahala aldea murriztu egin zen. Kanpaina hasieran Kontserbadoreek Laboristek baino %21 gehiago bazuten ere, Alderdi Laboristak oso azkar egin zuen gora hauteskundeen aurreko asteetan, eta azkenean toriek 13 eserleku galdu zituzten, 1983tik lortutako sostengurik handiena eskuratu zuten arren. Kontserbadoreek eserlekuak galdu eta Laboristek irabazi zituzten lehenengo hauteskundeak izan ziren 1997ko Tony Blairren garaipenetik, eta 1974ko otsaileko hauteskundeetatik bi alderdi nagusiek elkarrengandik hurbilen egon ziren bozak ere izan ziren. Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) eta Liberal Demokratek botoak galdu zituzten, eta komunikabideen arabera emaitzak bipartidismorako itzulera erakusten zuten.[3] SNPk 2015ean irabazi zituen 56 eserlekuetatik 21 galdu zituen, baina Komunen Ganberako hirugarren alderdi handiena izaten jarraitu zuen. Liberal Demokratek berriz, botoak galdu zituzten arren 4 eserleku egin zuten gora; eta Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiak (UKIP) beherakada handia jasan zuen, %12,6tik %1,8ra, eta zeukan eserleku bakarra galdu zuen.
Galesen, Plaid Cymru alderdi nazionalistak eserleku berri bat eskuratu zuen, guztira 4 lortuz. Ingalaterra eta Galesko Alderdi Berdeak bere eserleku bakarra mantendu zuen, baina sostengua galdu zuen 2015eko bozekiko. Ipar Irlandan, Alderdi Demokratiko Unionistak herrialdeko 18 eserlekuetatik 10 irabazi zituen, Sinn Féinek 7, eta Sylvia Eileen independente unionistak bat. Alderdi Sozialdemokrata eta Laboristak eta Ulstergo Alderdi Unionistak ordezkaritza guztia galdu zuten Komunen Ganberan.
Hasiera batean Brexita hauteskunde kanpainako gai garrantzitsuena izango zela zirudien arren, ez zuen arreta handirik jaso, eta ekonomia edota gizarte auziak izan ziren eztabaidagai nagusiak. Kanpaina betean bi atentatu terrorista izan ziren: Manchesterrekoa eta Londresko zubikoa. Ondorioz, segurtasun nazionala asko eztabaidatu zen kanpainako azken asteetan.