2021eko Kataluniako Parlamentuko hauteskundeak 2021eko otsailaren 14ean, igandean, egin ziren.[1][2] Kataluniako Generalitateko presidenteak, Quim Torra i Plak, Junts per Catalunyaren eta ERCren arteko tirabira publikoaren ondorioz, Kataluniako legegintzaldia denboraz aurretiaz amaitzeko nahia aurkeztu zuen, Torra beraren diputatu-inhabilitazioaren ostean.[3] Quim Torrak hauteskunde-deia Kataluniako 2020ko Aurrekontuak onetsi ostean plazaratuko zuela esan bazuen ere, 2020ko koronabirus-pandemiak, Katalunian, hauteskunde-dei hau atzeratzea eragin zuen.[4]
Irailaren 28an, Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako Justizia-Auzitegi Gorenaren (KJAN) inhabilitazio-sententzia berronetsi ostean, Quim Torra urte eta erdirako inhabilitaturik geratu zen, Hauteskunde-Batzorde Zentralaren (HBZ) eskakizun bat desobeditzearen ondorioz; Generalitateko Jauregiko balkoiko lazo horidun eta askatasuna preso politiko eta erbesteratuentzako ("llibertat presos polítics i exiliats") lelodun pankarta bat ez kentzearen ondorioz, hain zuzen ere, 28-Ako hauteskunde-testuinguruan.[5][6] Ondorioz, eta president berria hautatzeko hautagairik ez egotearen ondorioz, Kataluniako Parlamentuko lehendakariak, Roger Torrent-ek, 2021eko otsailaren 14a planteatu zuen hauteskunde-egun modura.[7]