2023-2024ko Israel-Palestina gerrari buruzko nazioarteko erreakzioak urriaren 7tik hasi ziren Hamasek eta Gazako erakunde politiko-militarrak mugak hautsi eta Israelgo eskualde mugakideetara oldartu zirenean. Luze gabe, bi bloke sortzen joan ziren, elkarren kontrako posizioaz. Hasierako palestinar oldarraldiari Israelek ofentsiba suntsigarri luze batez erantzun zion, hainbat eragile politikok eta humanitariok «genozidiotzat» jo izan dutena. Estatuen artean, Iranek eta Hegoafrikako Errepublikak hartu dute gogorren Israelen kanpaina militarra, bigarrenak Israeli Nazioarteko Justizia Auzitegian genozidio salaketa bat jarriz. Kontrako aldean, AEBk, Europar Batasunak, Erresuma Batuak eta Australiak, besteak beste, Israelek bere burua defendatzeko eskubidea eta «terrorismoaren kontrako borroka» argudiatu dute.
Nazio Batuak pausa humanitario eta menia baten aldeko posizioa agertzetik gero eta gehiago laguntza humanitario bermatzearen alde eta Israelen jokabidea arbuiagarritzat jotzera pasa dira. NBEko UNRWA erakundeak ezinbesteko lana egin du gutxienezko baldintza humanitarioak eta osasun zerbitzuak eskaintzen. Aldiz, Israelek «Hamasi laguntzea» leporatu zion, eta Mendebaldeko zenbait herrialdek diru laguntza kendu zioten. Bitartean, hainbat nazioarteko erakundeek palestinar biztanleria zigortuari laguntza humanitarioa eskaintzen jarri zuten indar osoa, Israelek sarritan eragotzia. World Central Kitchen karitate erakundearen kontra ere jo zuen, zazpi aktibista erailez, AEBko Joe Biden presidentearen sumina piztu zuena. Horrek, ordea, ez zuen aldatu haren funtsezko posizioa: Israel armaz hornitzea eta politikoki babestea.
Gerrak aurrera egin ahala, Mendebaldean, arrakala batzuk sortu ziren, Israelen kontrako gerra krimen salaketak areagotu ahala. Horien artean, Espainiak bi estatuen soluzioaren aldeko jarrera berretsi eta sustatu zuen, baita UNRWAren aldekoa ere. 2024ko maiatzaren 28an, nazioarteko joko diplomatikoa puri-purian jarri zen berriz Espainiak, Irlandak eta Norvegiak Palestinako estatua ofizialki aitortu zutenean. Errusiak eta Txinak erdibideko jarrerak agertu zituzten, gerra amaitzeko konpromiso baten aldekoak. Ekialde Hurbileko eta nazioarteko aliantza sistemak jarrerak polarizatu eta lurralde eta herrialde mugakide guztietara hedatu zuen krisia.