Shāh Abbās I.a Persiakoa, Abbas Handia bezala ezagunagoa (persieraz: شاه عباس بزرگ; Herat, 1571ko urtarrilaren 27a - Mazandaran, 1629ko urtarrilaren 19a), Persiako xah izan zen 1567tik hil zen arte, baita Safaviden dinastiako agintaririk garrantzitsuena ere. Mohammad Khodabanda xahren hirugarren semea, bere agintaldian Ghilman sistema garatu zuten.
Abbasen garaia Iranen botere militar, politiko eta ekonomikoaren gailurra izango zen arren, Safaviden inperioaren garai arazotsu batean iritsi zen tronura. Aita ez-eraginkorraren agindupean, herrialdea Qizilbash armadaren fakzio ezberdinen arteko liskarrek markatzen zuten, Abbasen ama eta anaia nagusia hil zutenak. Bien bitartean, Iranen etsaiak, Otomandar Inperioa (bere betiko etsaia) eta uzbekoak kaos politiko horretaz baliatu ziren lurraldea bereganatzeko. 1588an, qizilbash buruzagietako batek, Murshid Qoli Khanek, Mohamed sha eraitsi zuen estatu-kolpe batean, eta 16 urteko Abbas jarri zuen tronuan. Hala ere, Abbas berehala jabetu zen botereaz.
Haren gidaritzapean, Iranek ghilman sistema garatu zuen, non milaka zirkasiar, georgiar eta armeniar soldadu esklabo sartu baitziren administrazio zibilean eta armadan. Irango gizartean sortu berri ziren estratu horien laguntzarekin (aurrekoek sortutakoak, baina Abbasen gobernuak nabarmen handituak), Abbasek Qizilbashek administrazio zibilean, errege-etxean eta armadan zuen boterea eklipsatzea lortu zuen. Ekintza horiei eta Irango safavidar dinastiaren armadaren erreformei esker, otomandarren eta uzbekoen aurka borrokatu eta Irango probintzia galduak birkonkistatu ahal izan zituen, baita Kakheti ere. Kakhetin eskala handiko sarraskiak eta deportazioak eragin zituen. Otomandar-Safavidar gerraren amaieran (1603-1618), Abbasek Transkaukasia eta Dagestanen jabetza berreskuratu zuen, baita Ekialdeko Anatolia eta Mesopotamiako guen batzuk ere. Portugaldar eta mogol inperioen eskuetatik ere berreskuratu zituen lurrak, eta Ipar Kaukasoan Iranen nagusitasuna eta eragina handitu zituen, Dagestengo lurralde tradizionaletatik harago.
Abbas eraikitzaile handia izan zen eta bere erresumako hiriburua Qazvinetik Isfahanera eraman zuen, hiria arkitektura safavidarraren gailur bihurtuz. Azken urteotan, Abbas bere semeez susmatzen hasi zen eta hil edo itsutu egin zituen, gortean zenbait lider zirkasiarrek parte hartzen zuten intriga baten ondorioz.