Abertzaletasun sozialista mugimendu marxista-leninistek sustatutako abertzaletasun forma bat da.[1] Abertzaletasun sozialistak sustatzen du herrialde marxista-leninisten barruan bizi diren pertsonek bereganatu ditzatela «aberri sozialistarekiko maitasun mugagabea, gizartearen eraldaketa iraultzailearen aldeko konpromisoa [eta] komunismoaren kausa».[2] Marxista-leninistek aldarrikatzen dute abertzaletasun sozialista ez dagoela nazionalismoari loturik, marxistek eta marxista-leninistek nazionalismoa salatzen baitute langileak elkarren aurka jartzen dituen kapitalismoaren azpian garatutako ideologia burges gisa.[3] Abertzaletasun sozialista eskuarki internazionalismo proletarioarekin batera defendatzen da, eta alderdi komunistek bi kontzeptuak bata bestearekin bateragarriak direla jotzen dute.[4] Kontzeptua sobietar idazleek Karl Marxi eta Vladimir Lenini egotzi diete.[1]
Leninek abertzaletasuna bi motatan bereizi zuen: batetik, berak abertzaletasun proletario eta sozialistatzat definitu zuena; bestetik, nazionalismo burgesa.[5] Leninek nazio guztien autodeterminaziorako eskubidea eta nazio guztietako langileen batasun eskubidea sustatu zituen. Hala ere, chauvinismoa gaitzetsi zuen, eta harrotasun nazionalaren sentimenduak justifikatuak ala justifikaziorik gabeak izan daitezkeela aldarrikatu zuen. [6] Leninek uste zuen inperioaren menpe zeuden nazioek aginte inperialetik nazio askapena bilatzeko eskubidea zutela.[7]