Aldous Leonard Huxley (Godalming, Surrey, Ingalaterra, 1894ko uztailaren 26a – Los Angeles, Kalifornia, Estatu Batuak, 1963ko azaroaren 22a) Estatu Batuetara emigratu zuen idazle eta filosofo ingelesa izan zen. Ia berrogeita hamar libururen autorea da, bai nobelak eta bai ez-fikziozko liburuak, saiakerak, poemak eta narrazioak tartean. Huxley familia ezagunean jaio zen, eta geroago Balliol unibertsitatean literatura ingelesaren graduko titulua atera zuen. Bere hasierako urteetan, ipuin motzak eta poesia argitaratu ohi zituen, baita aldizkari literario bat editatu ere, Oxford Poetry, eta beranduago bidaiei buruz idazteari, satira eta gidoilaritzari ekin zion.
Bere bizitzaren bigarren zatia Estatu Batuetan pasa zuen, Los Angelesen bizi izan zelarik 1937tik hil zen arte. Bere bizitzaren bukaera aldean, Huxley bere garaiko intelektualik nagusienetarikoa zela aitor zitekeen.
Literaturaren Nobel Saria irabazteko izendatua izan zen zazpi aldiz, eta Literaturaren Laguntzailea izendatu zuen Royal Society of Literature-ek 1962an.
Humanista eta bakezalea zen. Mistizismoan eta unibertsalismo filosofikoan interesatu zen, gai hauek hainbat lanetan landu zituelarik: adibidez The perennial philosophy (1945), non autoreak Mendebaldeko eta Ekialdeko mistizismoaren arteko antzekotasunak adierazten dituen, edo The doors of perception (1954), non meskalinarekin izan zuen esperientzia psikodelikoa interpretatzen duen. Bere nobela ezagunenean, Bai Mundu Berria (1932), eta bere azken nobelan, Island (1962), distopiaz eta utopiaz zuen ikuspuntua aurkeztu zuen.