Alexandro II.a (errusieraz: Александр II Николаевич, Aleksandr II Nikolaievitx[1]) (Mosku, 1818ko apirilaren 29agreg./apirilaren 17ajul. – San Petersburgo, 1881eko martxoaren 13agreg./martxoaren 1ajul.), 1855-1881 bitartean Errusiako enperadorea izan zen.
Nikolas I.aren semea zen, eta Vasili Zhukovski poeta liberalaren ardurapean hazi zen. Krimeako gerra galdu ondoko urteetan (Parisko Ituna, 1856), Alexandro II.ak mendebaldeko herrien aldean Errusiak bizi zuen atzerapenaz oharturik, munta handiko erreformak eragin zituen: basailuak askatu (1861); administrazioaren erreforma (1864); hezkuntza publikoaren erreforma; azkenik, burdinbide-sarearen garapenaz bultzada handia eman zion ekonomiari.
1863an bat egin zuen Prusiarekin, abertzale poloniarren altxamendua zapaltzeko. Turkiaren aurkako gerran abiatu zelarik (1877-1878), Bismarckek laguntza ukatu eta atzera egin zien Alexandro II.ak Europari buruz zituen asmoei (San Stefanoko hitzarmena). Bitartean, Kaukasoko konkista amaitu (1859) eta Erdialdeko Asian barneratu zen (Tashkent, 1865; Bukhara eta Samarkanda, 1868). Errusia barnean, bestalde, politika absolutistaren aurka altxatu zen herri-mugimendua (Narodnaia Volia, 1870) garatu zen. Mugimendu horretako nihilista-talde batek bonba batez hil zuen.
1881eko martxoaren 13an, Alexandro II.a Errusiako tsarra hil zuten lehergailuak jaurtita. Narodnaia Volia (Herriaren nahia) talde klandestino iraultzailearen lehen lehergailuak agintariaren ibilgailua hondatu zuen, eta bigarrenak tsarra bera larri zauritu zuen. Alexandro II.aren gizonek Neguko Jauregira eraman zuten eta 45 minuturen buruan hil zen.[2]