Alexandros Papagos (grezieraz: Αλέξανδρος Παπάγος; Atenas, 1883ko abenduaren 9a - Atenas, 1955eko urriaren 4a) greziar militarra eta politikaria izan zen. Gerrako ministroa izan zen 1935ean, eta Estatu Nagusiko buruzagi 1936-1940 bitartean. Greziako armadako burua izan zen italiarren inbasioaren garaian (1940-1941), eta alemaniarrek preso eduki zuten 1945. urtera arte. Armadako buruzagi izan zen berriz ere 1949tik 1951ra. Gudaroste komunistak garaitu zituen 1949an, eta Heleniarren Batasuna sortu zuen. Gobernuburu izan zen 1952tik 1955era, eta monarkia bultzatu zuen.