Alfa partikula

Alfa partikula
Alfa desintegrazioa
Konposaketa2 protoi, 2 neutroi
EstatistikaBosonikoa
Ikurraα, α2+, He2+
Masa inbariantea4,00150609418 Da
Momentu magnetikoa0 J/T
Espina0

Alfa partikulak (α) helio-4 atomoaren guztiz ionizatutako nukleo atomikoak dira, hau da, elektroirik gabeak. Nukleo horiek bi protoik eta bi neutroik osatzen dituzte. Atomo honek elektroirik ez duenez, bere karga elektrikoa positiboa da (+2qe) eta bere masa 4 u-koa.

Erreakzio nuklearretan edo beste nukleido batzuen desintegrazio erradioaktiboan sortu ohi dira. Sarkortasun-ahalmen txikia dute; masa eta karga elektriko handia dutenez ( kg eta C), atmosferan azkar galtzen dute energia zinetikoa.

Alfa partikulek spin nulua dute. Alfa desintegrazio erradioaktibo estandarrean gertatzen direnean, alfa partikulek 5 MeV (mega-elektronvolt) inguruko energia zinetikoa izaten dute, eta argiaren abiaduraren % 4 inguruko abiadura. Partikula hauen erradiazioa oso ionizatzailea da, eta arestian aipatu bezala, sarkortasun-ahalmen txikia du: aire edo larruazal zentimetro gutxi batzuek gelditzen dute. Alfa partikulek, oro har, ezin dute zeharkatu paper-orri batzuen lodiera.

Gainera, alfa erradiazioaren azterketa interesgarria da, erradiazio horrek hainbat aplikazio dituelako. Horien artean daude ke detektagailuak, gailu antiestatikoak edo sorgailu termoelektrikoak; azken horietan alfa desintegrazioa energia-iturri gisa erabil daiteke. Beste aplikazio garrantzitsu bat da α partikulak igortzen dituzten erradionukleidoak erabiltzea tumoreak bonbardatzeko. Alfa partikulek oso irismen txikia dutenez, eremu egokiaren kontra jaurtiz gero, tumoreen hazkundea geldi dezakete, inguruko eremuei ahalik eta kalte txikiena eraginda.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne