Alisioak[1] edo ekialdeko haizeak[2], haize iraunkorrak dira, bereziki behe-atmosferakoa, antizikloi subtropikal batetik eskualde ekuatorialetara jotzen duena. Airea Tropiko Arteko Konbergentzia Eremura (TAKE) desplazatzen da gora igotako aire beroak utzitako hutsunea betetzeko asmoz. Lurraren errotazioa dela eta, ordea, ekialde-mendebalde norabidean desbideratuak dira (Coriolis efektua)[3]. Norantza nagusiak honakoak dira: ipar-ekialdetik Ipar Hemisferioan, eta hego-ekialdetik Hego Hemisferioan[4]. Fenomeno hau Lurraren errotazioaren eraginez sortzen da. Iparralderuntz eta hegoalderuntz, 5°-tik 20°-ra bitartean kokatzen dira.
Haize mugimendu hauek oso erregularrak dira. Altitude handian, zirkulazioak kontrako norabidea hartzen du kontralisio izena hartuz[erreferentzia behar]. Egoera honek Hadley zelulak deitzen diren konbekzio-zelulak sortzen ditu: hau da, haizeen "zirkuitu itxi" antzeko bat.
Sasoiaren arabera, zenbait latitude-gradu mugitu litezke iparralde/hegoaldera, sistema hauek sortzen dituzten presio-gerrikoak bezala.
Alisioak gehienbat ozeano Atlantikoan eta Barean daude garatuta. Indiako ozeanoan aldiz nahasirik aurkitzen dira Asiar kontinentearen gertutasunaren ondorioz.
Alisioen haize-gerrikoen alde batzuetan, sasoi zehatzetan, ekaitz tropikal handiak gerta daitezke: urakanak edo tifoiak deitzen dira.