Alizia herrialde miresgarrian | |
---|---|
Lehenengo edizioaren azala | |
Datuak | |
Idazlea | Lewis Carroll (1865) |
Argitaratze-data | 1865eko azaroaren 26 |
Generoa | Fikzioa |
Jatorrizko izenburua | Alice's Adventures in Wonderland |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Ilustratzailea | John Tenniel |
OCLC | 1023201734 |
Euskaraz | |
Izenburua | Alizia herrialde miresgarrian |
Itzultzailea | Manu Lopez Gaseni |
Argitaratze-data | 2015 |
Bilduma | Mila Gau |
Orrialdeak | 141 |
ISBN | 978-84-7681-829-9 |
Alizia herrialde miresgarrian (jatorrizko izenburua, ingelesez: Alice's Adventures in Wonderland), Charles Lutwidge Dodgson (Lewis Carroll) ingeles idazlearen eleberri bat da. Dodgsonen adiskideei, Ingalaterrako heziketari eta garaiko gai politikoei egindako aipamen satirikoz beteta dago. Istorioak deskribatzen duen herrialde miresgarria logikazko jokoek sortzen dute. Horregatik, liburuak arrakasta izan du hainbat alorretan: umeen edo matematikarien artean, baita psikonauten artean ere. Liburuak egiteko inspirazioa Alice Liddell umeak eman zion.
Idazlan honetan Carrollen pertsonaiarik ospetsuenetariko batzuk agertzen dira: Untxi Zuria, Sonbrailugilea, Cheshire Katua, Martxoko Erbia, Beldarra edo Bihotzetako Erregina. Beste pertsonaia ospetsu batzuk, jatorrizkoak edo folkloretik hartutakoak, Ispiluan barrena eta Aliziak han aurkitu zuena liburuan agertzen dira: Tweedledum eta Tweedledee, Humpty Dumpty edo Jabberwocky.
1865eko lehen argitalpenaren 23 kopia bakarrik gorde dira. Horietako 17 liburutegietan daude; besteak, esku pribatuetan. Liburu ilustratua izan zen, John Tennielek egindako 42 marrazkiz lagundua, eta ilustrazio horiek ere berrargitalpen askotan agertu dira (euskaraz ere bai)[1] eta Aliziaren inguruko ondorengo ikonografian eragin funtsezkokoak izan dira.[2]
Liburuak 1871an izan zuen bere bigarren zatia, ezezagunagoa, Ispiluan barrena eta Aliziak han aurkitu zuena (Through the Looking-Glass, and What Alice Found There) izenekoa. Zinemako egokitzapen batzuek bi liburuetako elementuak nahasten dituzte. Munduko 175 hizkuntzatara itzuli da[3], tartean euskarara.[4]