Hugo Henrik Alvar Aalto (Kuortane, Finlandia, 1898ko otsailaren 3 – Helsinki, 1976ko maiatzaren 11) arkitekto eta altzari diseinatzaile finlandiarra izan zen.
Arkitektura ikasi zuen Helsinkiko eskola politeknikoan. 1921an arkitekto bihurtu eta Europan zehar bidaia luze bat egin zuen, 1923an arkitektura bulegoa herri txiki batean ireki zuen, nahiz eta gero Helsinkira aldatu. 1928an CIAM-eko (Congrès International d'Architecture Moderne) bazkide egin zen. Aurrerago Estatu Batuetara joan eta Bostongo MIT ezagunean arkitektura irakatsi zuen.
Aaltoren lanak izadi eta paisaiarekin harmonia osoz bateratzen dira, osotasun arkitektoniko bat sortuz. Zura eta adreilua haren ekai gustukoenak izan ziren, haien materialtasun eta ukitua izaditik gertuago daudelako. Funtzionalismoaren jarraitzaile sutsua izan zen, baina baita ere Arkitektura Organikoarena, Eskandinaviako Mugimendu Modernoko lehen arkitekto eta sustatzaileetakoa izanik.
Arkitekto izateaz gain, Aalto diseinatzailea ere izan zen, berak egindako eraikin gehienentzako altzariak deseinatuz. 1935 urtean Artek altzari enpresaren fundatzailea izan zen emaztearekin batera. Han deseinatu zuen zurezko egitura auto-sostengarriz eginiko aulkia. Bere beiralanik ezagunena Aalto Ontzia da.