Ama Teresa Kalkutakoa[1], jaiotzez Agnes Gonxha Bojaxhiu[2] (Uskub, egun Skopje, Otomandar Inperioa 1910eko abuztuaren 26a - Kalkuta, India, 1997ko irailaren 5a), moja katolikoa izan zen, Karitateko Misiolarien lagunartea sortu zuena. Albaniar etniakoa zen sortzez, eta Indiako herritartasuna hartu zuen helduaroan.[3] 40 urte baino gehiago egin zituen Kalkutan (India) "behartsuen artean behartsuenak" zirenei laguntzen. Horretarako, hainbat harrera-etxe, ospitale eta abar antolatu zituen, kaleetan hiltzen ari ziren behartsuak jaso eta zaintzeko. 1979an Bakearen Nobel Saria jaso zuen. Joan Paulo II.a aita santuak dohatsu izendatu zuen 2003an, eta Frantzisko aita santuak kanonizatu zuen 2016an.
Agnesek txikitatik ezagutu zuen bere bokazioa, eta, 1928rako, jada erabakia zuen erlijio-bizitzara zuzenduta zegoela. Orduan, jaiotzatiko izena «Teresa» izenera aldatzea aukeratu zuen, misiolarien zaindariari, Teresa Lisieuxkoari, erreferentzia eginez. Hurrengo 20 urteak Irlandako Loretoko Ahizpen komentuan irakasten eman bazuen ere, gaixoak eta pobreak zaintzen hasi zen Kalkuta hirian. Horrek kongregazio bat sortzera eraman zuen, gizarteko baztertuei, batez ere gaixoei, pobreei eta etxerik gabekoei laguntzeko helburuarekin.
1970eko hamarkadan, nazioartean ezaguna zen, eta pobreen eta defentsarik gabekoen defendatzaile eta pertsona humanitario gisa ospea lortu zuen, neurri batean Malcolm Muggeridgeren Something Beautiful for God («Zerbait ederra Jainkoarentzat») dokumentalagatik eta izen bereko liburuagatik. 1979an, Bakearen Nobel Saria, eta 1980an Indiako sari zibil gorena, Bharat Ratna, jaso zituen bere lan humanitarioagatik. Haiekin batera, maila goreneko dozena bat sari eta aitortza jaso zituen. 2010ean, bere jaiotzaren mendeurrenean, mundu osoan omendu zuten; Indiako presidente Pratibha Patilek haren lana goraipatu zuen.[4]
Hainbat kritika ere izan ditu. Serge Larivée, Geneviève Chénard eta Carole Sénéchal Kanadako akademikoek egindako lan baten arabera, Ama Teresaren klinikek milioika dolar jaso zituzten dohaintzetan, baina ez zituzten arreta medikorik, diagnostiko sistematikorik, beharrezko elikadura zein analgesiko nahikorik mina zutenentzat. Ama Teresaren kritikorik zorrotzenetako bat Christopher Hitchens ingeles kazetaria izan zen: aberatsen alde eta pobreak pobrezian mantentzearen alde aritzea leporatzen zion. Abortatzeko eskubidearen aldeko taldeek, berriz, kritikatu zuten Ama Teresaren jarrera abortuaren eta antisorgailuen aurka.