Analisi konplexua, aldagai konplexu baten funtzioen teoria bezala ere ezagutzen dena, zenbaki konplexuen funtzioak ikertzen dituen analisi matematikoaren adarra da. Analisi konplexuaren helburua funtzio errealen kalkulu diferentziala eta integrala funtzio konplexuetarako egokitzea da. Analisi konplexua, funtzio errealen kalkulu diferentziala eta integralaren orokorpena da beraz.[1]
Analisi konplexuaren aztergai nagusiak, funtzio holomorfoak dira. Funtzio holomorfoei, funtzio analitikoak ere deitzen zaie eta izen horrekin aurkitzen dira liburu askotan. Berez, berretura-serie modura idatz daitezkeen funtzioak dira analitikoak, baina, holomorfo guztiek propietate hori badutenez, izen biak baliokidetzat hartzen dira.
Matematikaren adar askotan lagungarria da, besteak beste, geometria aljebraikoan, zenbakien teorian, konbinatoria analitikoan, matematika aplikatuan. Lagungarria da fisikan ere; hidrodinamikan, termodinamikan eta bereziki mekanika kuantikoan. Ondorioz, analisi konplexuak ingeniaritzako zenbait arlotan ere aplikazioak ditu; ingeniaritza nuklearrean, ingeniaritza aeroespazialean, ingeniaritza mekanikoan eta ingeniaritza elektrikoan adibidez.