Annelida

Annelida
Ordoviziar-gaur egun[1]

Glycera sp.
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
GoierreinuaHolozoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaBilateria
Filuma Annelida
Lamarck, 1809
Klaseak

Anelidoak (Latineko Anellus, "eraztun txikia"[2]), eraztun zizareak edo segmentatutako zizare bezala ere ezagutzen diren filum handi bat dira. Ornogabeen tipo honetan sartzen dira itsas-zizareak, lur zizareak eta izainak. Espezieak ingurune ezberdinetara egokitu dira. Batzuk itsas inguruneetan edo itsasaldi arteko guneetan aurkitu daitezke. Badaude iturri hidrotermaletan edo ur gezetan topatu daitezkeenak ere.  Horrez gain, lurreko giro hezeetan baita bizi daitezkeenak.

Anelidoak aldebiko organismo simetriko, triploblastiko, zelomatu eta ornogabeak dira. Lokomoziorako parapodioa dute. Testuliburu gehienek oraindik sailkapen tradizionala erabiltzen dute, ondorengo banaketa eginez: poliketoak (ia guztiak itsasokoak), oligoketoak (lurreko zizareak barne) eta hirudineo klasea. 1997az geroztik egindako ikerketa kladistikoek goitik behera aldatu dute eskema hau, hirudineo klasea oligoketoen azpi-talde gisa ikusiz eta oligoketoak poliketoen azpitalde gisa. Gainera, Siboglinidae, Echiura eta Sipuncula lehen filum bereizitzat hartzen zirenak, gaur egun poliketoen azpitaldetzat hartzen dira. Anelidoak barne hartzen ditu Lophotrochozoa taldeak,  protostomioaren “superfilumaren” barne dagoena eta moluskuak, brakiopodoak eta nemertearrak ere barne hartzen dituena.

Anelidoen oinarrizko forma segmentu ugariz osatua dago. Segmentu bakoitza organo multzo berdinez osatuta dago. Poliketo gehienetan, segmentu bakoitzean lokomoziorako erabiltzen diren parapodio pare bat ere badute. Septuek espezie askoren segmentuak bereizten dituzte. Hala ere, batzuetan gaizki zehaztuta daude edo ez daude, esaterako echiura eta sipunculak ez dute segmentazio marka nabarmenik. Septua ongi garatua duten espezieetan, odolak odol-hodien barruan zirkulatzen du. Espezie horien aurreko muturretan dauden segmentuetako hodiak muskuluekin batzen dira eta sarritan bihotz gisa jarduten dute. Halaber, septua horiek banakako segmentuen formak aldatzeko aukera ematen dute eta horrek mugimendua errazten du peristaltismo bidez (gorputzean zehar igarotzen diren "uhinak") edo parapodioaren eraginkortasuna hobetzen duten ondulazioen bidez. Septua osatugabea edo bat ere ez duten espezieetan, odolak gorputz nagusian zehar zirkulatzen du, inolako ponparik gabe eta lokomoziorako teknika ugari daude. Rout Radhamohanen arabera, zenbait espezie lurperatzailek faringea barrutik birarazten dute sedimentuan zehar arrastaka joateko.

Lur-zizareak lurreko kate trofikoei eusten dieten oligoketoak dira, eskualde batzuetan lurzoruak aberasteko eta aireztatzeko garrantzitsuak direnak.  Itsas poliketoek, kostaldeko inguruetan espezie guztien herena izan daitezkeenak, ekosistemen garapena bultzatzen dute lurperatzean ura eta oxigenoa itsas hondoan sartzea ahalbidetzen baitute. Lurreko emankortasuna hobetzeaz gain, anelidoek janari eta amu gisa erabil ditzakegu gizakiok. Zientzialariek anelidoei erreparatzen diete itsas eta ur gezaren kalitatea kontrolatzeko. Nahiz eta animali hauen odol-laginak medikuek ez dituzten hain maiz erabiltzen, espezie batzuk arriskuan  egon dira azken mendeetan gehiegi erabili direlako. Beste batzuen masailezurrak ingeniariek aztertu dituzte  arintasun eta indar konbinazio bikaina eskaintzen dituztelako.

Anelidoak bigunak direnez, haien fosilak aurkitzea arraroa da. Gehienetan barailak eta espezie batzuk isurtzen zituzten hodi mineralizatuak topatu izan dira. Ediacarako fosil batzuek anelidoak  diruditen arren, konfiantzarekin identifikatzen den fosil ezagunik zaharrena duela 518 milioi urte identifikatu zen Kanbriar garai goiztiarrean. Poliketo talde mugikor modernoen fosilak Karboniferoaren amaieran agertu ziren, duela 299 milioi urte inguru. Paleontologoek ez dute argi Ordoviziar erdialdeko zenbait fosil, (duela 472 eta 461 milioi urte) oligoketoen aztarnak diren ala ez. Talde honen lehen fosil eztabaidaezinenak orain dela 66 milioi urtekoak direla ikusi da, Tertziario garaikoak[3].

  1. (Ingelesez) Budd, Graham E.; Jensen, Sören. (2007-01-11). «A critical reappraisal of the fossil record of the bilaterian phyla» Biological Reviews 75 (2): 253–295.  doi:10.1111/j.1469-185X.1999.tb00046.x. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  2. Annelida. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  3. (Ingelesez) Renne, P. R.; Deino, A. L.; Hilgen, F. J.; Kuiper, K. F.; Mark, D. F.; Mitchell, W. S.; Morgan, L. E.; Mundil, R. et al.. (2013-02-08). «Time Scales of Critical Events Around the Cretaceous-Paleogene Boundary» Science 339 (6120): 684–687.  doi:10.1126/science.1230492. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne