Apollo programa | |
---|---|
Programaren intsignia. | |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Erakundea | NASA |
Helburua | Espazio-hegaldi tripulatua Ilargira |
Programaren egoera | Bukatuta |
Programaren historia | |
Kostua | 25,4 mila milioi dolar (1973) 156 mila milioi dolar (2019) |
Iraupena | 1961-1972 |
Lehen hegaldia | SA-1 1961ko urriaren 11n |
Lehen hegaldi tripulatua | Apollo 7 1972ko abenduaren 19an |
Arrakastak | 32 |
Porrotak | 2 (Apollo 1 eta Apollo 13) |
Porrot partzialak | 1 (Apollo 6) |
Jaurtiketa-guneak | Kennedy lurmuturra, Kennedy zentro espaziala eta White Sands |
Apollo programa 1960ko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetan NASAk garatu zuen espazio-programa tripulatua izan zen, Sobietar Batasunarekin lehiatzen zen espazioko lasterketaren garaian. Proiektua 1960ko uztailean hasi zen, estatubatuarrak lehenengo aldiz espaziora eraman zituen Mercury proiektuaren ondorengo gisa aurkeztu zutenean. Programaren hasierako helburua hiru pertsonako espazio-bidaia arrakastatsuak lortzea zen, baina, gerora, gizakia Ilargira eramatea bilakatu zen bere helburu nagusia.
Helburu hori Apollo 11 misioak lortu zuen, hain zuzen, 1969ko uztailaren 20an, Neil Armstrong eta Buzz Aldrin astronautak Ilargian lurreratu zirenean, Michael Collins Ilargiaren orbitan zegoen bitartean. Beste bost misiok lortu zuten helburu bera. Hala bada, Apollo programaren baitan, hamabi astronauta lurreratu ziren Ilargian.
Apollo programak espazio-bidaien eta espazioaren ikerkuntzaren hainbat mugarri ezarri zituen. Hala nola, Lurraren orbita baxutik haratago astronautak bidali dituen bakarra da. Lurra ez zen gorputz baten inguruan tripulatutako espazio-ontzi bat orbitan ipintzen lehendabizikoa Apollo 8 misioa izan zen. Gainera, Apollo 11 gizakia Ilargira eraman zuen lehenengo misioa izan zen. Horrez gain, programa guztian zehar Ilargiko 382 kg harri eta lur ekarri ziren Lurrera, Ilargiaren konposizioa eta historia geologikoa ulertzen lagundu zutenak.