Arkade edo arkade makina, txanpon bat sartuz bideojoko edo bestelako joko bat jolasteko aukera ematen duen aparatu bat da. Aparatu horietan jolasten diren bideojokoei arkade-joko deritze. 1930eko hamarkadan sortutako makinak dira, pinball jokoetarako batez ere eta teknologia mekanikoa erabilita. 1970eko hamarkadaz geroztik, bideojokoak eta bestelako joko elektronikoetarako erabili dira gehienbat. Arkade makina areto, taberna eta antzekoetan kokatu ohi dira. Japonian bertako otaku kulturaren elementu nagusienetako bat da. Arkadeen urrezko aroa 1980ko hamarkadatik 1990eko hamarkadaren lehen erdira arte izan zen.
"Arcade" hitza ingelesetik dator; horrela deitzen ziren lehen jolas-makinak jartzen ziren galeriak edo arkupeak. Ondoren, jolas-makinei eskainitako aretoak izendatzeko erabili zen terminoa, denborarekin, baita azken horiek eta jolasak izendatzeko ere.[1] Bestalde, arkadea kontsumoko bideojokoen lehen belaunaldia izan zen, eta entretenimendu modu berri horrekin lehen kontaktu publikoa.[2]