Armiarma | |
---|---|
Pennsylvaniar-gaur egun | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Azpierreinua | Bilateria |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Arachnida |
Ordena | Araneae Clerck, 1757
|
Azpiordenak | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | Armiarma-zeta |
Gaixotasuna | spider bite (en) eta Araknofobia |
Armiarmak, halaber ainarbak (Zub.), aramuak (Bizk.), marasmak edo parasmak (Lekeitio) (Bizk.), Araneae ordenako zortzi hanka dituzten eta pozoia injektatzeko kelizero modifikatuak dituzten artropodo kelizeratuak dira. Munduko txoko guztietan bizi dira, Antartikan salbu, eta ia txoko ekologiko guztietan finkatu dira, airean eta itsasoan salbu. 2008rako, taxonomoek 109 familiatan sailkatutako 40.000 espezie inguru identifikatu zituzten[1]. Hala ere, sailkapen irizpideak ez dira homogeneoak eta nahasketa handia dago; 1900. urtetik 20 sailkapen proposatu dira armiarmentzat[2].
Anatomiari dagokionez, armiarmen eta gainerako artropodoen arteko ezberdintasun nagusia gorputzaren forma da: gorputzeko segmentuak bi tagmatan batuta dauzkate, zefalotoraxa eta abdomena hain zuzen, eta biak lotzeko pedizelo zilindriko txikia daukate. Armiarmen Mesothelae taldean salbu —primitiboena da—, armiarmek artropodo guztien arteko nerbio-sistema zentralizatuena daukate, haien gongoil guztiak zefalotoraxean kokatutako masa bakarrean elkartuta baitauzkate. Artropodo askok ez bezala, ez daukate muskulu hedatzailerik gorputz-adarretan; horren ordez, presio hidraulikoaren bidez luzatzen dira.
Abdomenean irun-organo modura garatu diren apendizeak dauzkate zeta ekoizteko. Zeta sortzeko sei guruin mota eduki ditzakete. Armiarma-sarea edo amarauna deitutakoa sortzeko gai dira, tamaina, forma eta zeta-kopuru askotakoak.