Bigarren Mundu Gerraren ondoren, arrazakeria zientifikoa gainbeheran sartu zen, eta formalki kondenatu zuten nazioarteko hainbat herrialde eta erakundek. Bereziki garrantzitsua izan zen 1950eko UNESCOren arrazakeriaren aurkako adierazpena: «Arraza gertaera biologiko gisa eta "arrazaren mitoa" argi eta garbi bereizi behar dira. Praktika sozialean, arraza ez da fenomeno biologiko bat, mito soziala baizik. Arrazaren mitoak kalte humanoa eta soziala eragin du. Azken urteotan, sufrimendu izugarria eragin du eta bizitza asko galdu dira horren erruz».[1][15] Egun, giza genetika ebolutiboaren garapenek giza desberdintasun genetikoak ia erabat gradualak direla frogatu dute, eta, beraz, "izaera biologikoa" jada ez da aintzat hartzen.
Eztabaida handia dago "arrazakeria zientifikoa" terminoa gutxiesgarria ote den hipotesi modernoetan aplikatzen denean, The Bell Curve (1994) izenekoan kasu, non arrazetan dauden koziente intelektual desberdinak ikertzen diren. Kasu horietan, genetikak gutxienez arrazen arteko desberdintasunak azaltzen dituela ondorioztatu dute batzuek. Kritika asko jaso dituzte, ordea, lan horiek oinarri zientifikorik gabe eta aurreiritzi arrazistekin egiten direla argudiatuta. Arrazan fokuratutako Mankind Quarterly eta antzeko argitalpenei, arrazakeria zientifikoaz akusatu dituzte giza garapena, adimena, etnografia, hizkuntza, mitologia, arkeologia eta arraza-gaiei buruzko interpretazio polemikoak argitaratu izana egotzita.[16] "Arrazakeria zientifikoa" terminoa, adibidez, "Arraza eta adimenaren" arteko lotura ezartzen duten ikerketak kritikatzeko erabiltzen da, eta horrek arrazen arteko mailaketak (goi eta beheko mailakoak) sustatzen dituela esateko baliatzen da.[17][18]