Arro sedimentarioak lurrazaleko topografia baxuko guneak dira non sedimentuaren metaketa gertatzen den, plaken tektonikarekin erlazio genetiko zuzena izanik. Arroa aktiboa den bitartean subsidentzia jasaten du, hau da lurrazaleko hondorapena. Mekanismo honen bidez sedimentu berriarentzat egokitze espazioa sortzen da etengabe.
Arro sedimentarioak tamaina ezberdinekoak izan daitezke, ehunka metro izatetik kilometro asko izatera iritsiz. Hauen sorrerak eta tektonikak lotura estua daukate. Plaken tektonikaren ondorioz lurrazaleko ingurune topografiko goratuak eta deprimituak sortzen dira. Ingurune goratuetan higadura gertatzen da, hau da eremu hauek sedimentuaren sorrera guneak dira. Sedimentua gune goratuetatik abiatu eta garraiatzen da gune deprimituetara, bertan metatuz, arro sedimentarioaren ezaugarri nagusiari funtsa emanez.
Sedimentazioaren eta plaken tektonikaren arteko lotura hain estua izanda, geologoek arroen erregistroa aztertzen dute eskualdean gertatutako prozesu sedimentario eta tektonikoak interpretatzeko. Horretarako bai segida estratigrafikoa bai unitate sedimentarioen arteko geometriak aztertzen dituzte.
Lurraren historian zehar hainbat arro sortu, bete eta desagertu dira. Lurreko kontinenteen banaketa eta morfologiak asko aldatu dira denboran zehar. Batzuk banatu egin dira (Afrika eta Hego amerikarekin gertatu zen moduan duela 251 miloi urte, Triasikoan, hasita) eta beste batzuk aldiz, elkarrekin talka egin dute (horrela sortu zen Himalaia mendikatea duela 5 miloi urte, indiako eta eurasiako plaken arteko kolisioaren ondorioz).
Arro nagusiak plaka tektonikoen mugen inguruan agertzen dira, erliebe altuetatik gertu (arro kratonikoak izan ezik). Gaur egun aktibo diharduten arroak dira guztiz kontserbatzen direnak. Arro izaera dutenez, sedimentazioa da horietan gertatzen den prozesu nagusia. Hala ere, azaleraturik ez daudenez hauen ikerketa zuzena oso zaila da.
Arroen azterketan aritzen den geologiaren adarra Arro analisia da eta Disziplina anitzekoa da. Kartografia geologikoa, Geofisika, Estratigrafia, Paleontologia eta Geokimika arloen partaidetza behar da besteak beste.