Ascomycota | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Fungi |
Dibisioa | Ascomycota (Berk 1857) Caval.-Sm. 1998[1]
|
Azpifilumak/Klaseak | |
Ascomycota Fungi erreinuko eta Dikarya azpierreinuko filum bat da. Talde honetako espezieak sexualki ugaltzen direnean, espora higiezinak ekoizten dituzte asku deritzon zelula berezi mikroskopikoetan (grezieraz: askos, "zakua" edo "zahagia"). Espora hauei askospora deritze. Hala ere, Ascomycota taldeko espezie batzuk ez dira modu sexualean ugaltzen eta ez dute asku edo askosporarik sortzen. Espezie hauek Ascomycota taldean sartu badira, antzekotasun morfologiko eta fisiologioetan eta, batez ere, ADN sekuentzien alderaketan oinarrituta izan da[2][3].
Talde monofiletiko honek oso arrakastatsuak eta esanguratsuak diren hainbat organismo barne hartzen ditu. Askomikotak dira, besteak beste, karraspinak, boilurrak, okin-legamia eta likenik gehienak (azken hauei "askoliken" ere deitzen zaie). Landareentzat patogenoak diren hainbat onddo ere Ascomycota taldekoak dira: sagarraren zigarra, ainoa, oidioa... Laborategietan ere, genetikako eta biologia zelularreko esperimentuak egiteko, oso erabiliak dira talde honetako hainbat espezie, hala nola Sordaria fimicola, Neurospora crassa eta zenbait legamia. Antibiotikoen industrian eta gaztagintzan askomikotoak diren Penicillium generoko espezieak erabiltzen dira. Azken aldiko ikerketa filogenetikoak egin baino lehen, Penicillium taldekoak Deuteromycota izeneko filum artifizial batean sailkatuta zeuden.