Aurreskua euskal dantzarik ospetsuenetakoa da, omenaldi edo erreberentzia moduan jende aurrean dantzatzen dena. Gaur egun erritu bat bihurtu da edozein motatako jaialditan aurreskua dantzatzea Euskal Herri osoan. Esaterako, ezkontzetan, inaugurazioetan, kongresuetan, ekintza publikoetan, eta abar. Horregatik euskal kulturan tradizio bat bilakatu da.
Aurreskua, gaur egun ezagutzen dugun moduan, dantzari edo aurreskulari batek dantzatzen du, txistulari batek lagunduta. Txistulariak txistua jotzen du esku batekin, euskal tradizioko airezko instrumentua. Beste eskuarekin danbolina jotzen du. Era tradizionalean dantzatzen bada, lau zatitan banatuta dago: lehenengoa, Aurrez-aurrea; bigarrena, Esku-aldatzea; hirugarrena, Zortzikoa; eta laugarrena, Agurra.
Tradizioak hala eskatuta, dantzaria gizonezkoa izaten zen eta modu tradizionalean jantzita[1] joaten zen. Alkandora eta praka zuriak, txapela beltza eta gerriko berdea edo gorria. XXI. mendean nesken tradizio berria sortu da eta emakumezkoen tradiziozko jantziak[2] erabili izan dira.