Batzar nagusiak

Artikulu hau foru-erakunde gorenei buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Batzar Nagusi (argipena)».

Batzar nagusiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-erakunde gorenak dira. Molde bereko erakundeak ziren Lapurdiko Biltzarra, Zuberoako Estatu Orokorrak eta Nafarroako Gorteak.

Lehenagokoak ziren arren, haiei buruzko lehenengo albisteak XIII. mendearen erdialdetik aurrerakoak dira (Arriaga, Araba, 1258). Batzar haietara joaten ziren herrietako ordezkariak, handikiak eta apaiz nagusiak, eta, gobernu agintariak aukeratzeaz gainera, bertan hartzen ziren herrialdeari zegozkion erabaki nagusiak. Hasieran batzarkideak maiz biltzen baziren ere, batzarrak epe luzeagotan hasi ziren egiten, erregeen ordezkariek, batzar bereziek eta diputazioek gero eta ahalmen gehiago zuten heinean. Arabako ermandadeak, esaterako, bitan biltzen ziren, maiatzean lur jareetan eta azaroan Gasteizen. 1472. urtean, bi urtean behin biltzea erabaki zen Gipuzkoan, eta urtean behin biltzen ziren 1677tik aurrera. Bizkaian, urtean bitan biltzen ziren 1610ra arte. Urte hartatik aurrera, bi urtean behin gutxienez biltzea erabaki zen. Behar izanez gero, hiru lurraldeetan egiten zituzten Batzar Bereziak. Adinez nagusia izateaz gainera, batzarkideek irakurtzen eta idazten eta gaztelaniaz hizketan jakin behar zuten (XVII. mendetik aurrera Bizkaian); ordezkaritza demokratikoa arras murrizten zuen neurri horrek. Emakumeak erakunde horietatik at geratu ziren, nahiz euskal zuzenbideak espresuki baztertu ez.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne