Beat Belaunaldia (ingelesez: Beat Generation) kontzeptua XX. mendeko 50. eta 60. urtetako Ameriketako Estatu Batuetako idazle talde bat sailkatzeko erabili izan da. Taldea izan ezik kultura fenomeno bat ere izan zen. Sexuak, drogak, Jazz musikak eta ekialdeko filosofiak batu zituen mugimendu horren inguruan ibilitakoak.[1] 60ko hamarkadan AEBetako kultura giroa astindu zuen mugimendua izan zen, aurreko joerak erabat apurtuz.[2]
Mugimendua Bigarren Mundu Gerraren ondoren agertu zen, eta, hein batean, gerra arteko Belaunaldi Galduari hartu zion lekukoa (Ernest Hemingway, F. Scott Fitzgerald, Gertrude Stein, John Dos Passos…), edo kendu zion lekua, ordura arteko bidea erabat zartatu nahi izan baitzuen.
"Beat" hitza idazleek berek onartutako izendapena izan zen. John Clellon Holmes-ek jendarteratu zuen artikulu batean, eta Kerouacek berak aipatu zuen On the Road liburuan. 'Beat' hitzak askotariko adierak ditu: beatifikatua, zafratua, erritmikoa… Beat belaunaldiko kide guztien ezaugarria askatasun-egarria izan zen eta askatasun hori literatura-formen bilaketara bideratu zuten, Iñigo Roque itzultzailearen hitzetan.[3]