Bengalera | |
---|---|
বাংলা | |
Datu orokorrak | |
Lurralde eremua | Bangladesh, India eta beste hainbat |
Hiztunak | 230 milioi (189 milioi ama-hizkuntza gisa) |
Rankinga | 7 |
Ofizialtasuna | Bangladesh, India (Mendebaldeko Bengala, Tripura eta Barak harana) |
Eskualdea | Hegoaldeko Asia |
Araugilea | Bangla Academy (Bangladesh) Paschimbanga Bangla Akademi (Mendebaldeko Bengala) |
Hizkuntza sailkapena | |
Indoeuroparra, indoirandarra | |
Informazio filologikoa | |
Hizkuntza-tipologia | SOV hizkuntza eta hizkuntza fusionatzailea |
Kasu gramatikalak | nominatiboa, akusatiboa, genitiboa eta lokatiboa |
Alfabetoa | Bangla alphabet (en) eta Bengali Braille (en) |
Hizkuntza kodeak | |
ISO 639-1 | bn |
ISO 639-2 | ben |
ISO 639-3 | ben |
Ethnologue | ben |
Glottolog | beng1280 |
Wikipedia | bn |
Linguasphere | 59-AAF-u |
ASCL | 5201 |
IETF | bn |
Bengalera[1] edo bangla (বাংলা) indo-ariar hizkuntza bat da. Egungo Bangladeshen eta Indiako Mendebaldeko Bengala eta Assam estatuetan hitz egiten diren hizkuntzetako bat da. Bangladeshko hizkuntza ofiziala izateaz gain, Indiako 22 hizkuntza ofizialetako bat da, hindiaren atzetik gehien mintzatua.
Bangladesko hizkuntza ofizial eta de facto nazionala bengalera estandar modernoa da[2][3][4][5]. Nazioaren lingua franca bat da, bangladehstarren % 98k dakiena[6][7]. Lehen aipatutako Indiako lekuetaz gain, ofiziala da Tripuran eta Barak bailaran. Brahamputra ibaiaren eskualde batzuetan ere hitz egiten da, Assamen. Andaman eta Nikobar uharteetan mintzatuena da[8], eta Jharkan, Bihar, Mizoran, Meghalaya eta Odishan ere komunitate esanguratsuak daude. Guztira 230 milioi hiztun dituenez[9], bengalera munduan hiztun gehien duten hizkuntzen artean seigarrena da[10][11].
XX. mende hasierako hiztegiek zioten hitzen % 50 berezkoa zuela, hau da, prakritotik naturalki eratorritako hitzak, ariar hitz eraldatuak eta austro-asiar hitzak, munda edo dravidieratik; hitzen % 7 zuzenean sanskritotik etorriak bide dira, aldaketarik gabe, eta beste guztiak persiera, arabiera, turkiera, ingelesa, portugesa eta frantsesetik hartuta omen dauzkate. Horietatik, gehiena pertsieratik jaso du, forma gramatikal batzuk barne. Azken ikerketek, ordea, hitz lokalak zein atzerriko maileguen presentzia igo dela esaten dute, batez ere hizlariek hizkera kolokiala nahiago dutelako[12].
Bengalerazko literaturak milurteko bateko historia du, eta asko ugaritu da bengaleraren pizkundean zehar; gaur egun Asiako literatura garrantzitsuenetako bat da. 1999an UNESCOk otsailaren 21ean Lehen Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen Bangladeshko hizkuntza mugimenduaren omenez. Hizkuntza Bengalako identitatearen ezaugarri oso garrantzitsua da, eskualde kulturaniztuna bateratzen laguntzen baitu.