Biomak antzeko ezaugarri ekologikoak eta klimatikoak dituzten area geografiko handiak dira. Biomak sailkatzeko irizpide nagusietakoa baldintza klimatikoak dira, faktore horrek eragin sendoa baitu toki batean bizi diren izaki bizidunen ezaugarrietan. Bioma bakoitzak landare, animalia, lurzoru eta klima mota homogeneoak izan ohi ditu. Biomen ezaugarriak definitzeko, landareen egitura (zuhaitzak, zuhaixkak edo belarrak diren), hosto motak (hostozabalak, koniferoak), landareen sakabanaketa (basoa, sabana) eta klima bezalako elementuak erabiltzen dira. Ekozonetan ez bezala, ez da ezaugarri genetiko, taxonomiko edo historikorik erabiltzen biomak ezaugarritzeko. Sarritan, segida ekologikoen eta klimax landarediaren bidez identifikatzen dira.
Bioma bakoitzaren biodibertsitatea, bereziki faunarena eta mendeko landareena, espezie nagusiaren biomasaren eta faktore abiotikoen araberakoa da. Bioma lehortarretan, espezieen dibertsitatean eragina duten faktore nagusiak produktibitate primarioa, hezetasuna eta tenperatura dira.
Bioma berak izen ezberdina eduki dezake toki bakoitzean. Esaterako, belardi, sabana eta sastrakadi epelak deituriko biomari estepa deritzo Asia erdialdean, belardi Ipar Amerikan, eta panpa Hego Amerikan.
Esan bezala, klima da bioma lehortarren banaketan eragina duen faktore nagusia. Faktore klimatiko nagusiak hurrengoak dira:
Biomak sailkatzeko gehien erabiltzen den sistemak latitudea (azken finean, tenperatura) eta hezetasuna erabiltzen ditu. Oro har, biodibertsitatea handiagoa da ekuatorera hurbildu ahala eta hezetasuna gehitu ahala.