Birika | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | arnas aparatua |
Kokapena | barrunbe torazikoa |
Hona drenatzen du | birika-zaina |
Arteria | Biriketako arteria |
Zaina | birika-zaina |
Identifikadoreak | |
Latinez | pulmones |
MeSH | A04.411 |
TA | A06.5.01.001 |
Terminologia anatomikoa |
Birikak arnas-aparatuko organo nagusiak dira gizakiengan eta beste hainbat animaliatan, tartean arrain eta barraskilo batzuetan ere. Gizakien eta ugaztun gehienen kasuan bi birika daude, bihotzaren alde bietan. Birikek atmosferako oxigenoa hartu eta odolera bideratzen dute eta, aldi berean, odoleko karbono dioxidoa kanporatzen dute. Prozesu horri arnasketa deritzo.
Espezieen arabera, hainbat muskuluk parte hartzen dute arnasketan; ugaztunen, narrastien eta hegaztien arnasketarako muskulu-sistema ez da berdina. Lehen tetrapodoetan airea biriketara bideratzen zen faringeko muskuluak erabilita, aho-punpaketa eginez, gaur egungo anfibioek egiten duten bezala. Gizakiengan, arnasketarako muskulu nagusia diafragma da. Biriketatik kanporatutako airea soinuak egiteko erabil daiteke; adibidez, mintzoa horren ondorioa da.
Biriketako ehunak hainbat gaixotasun paira ditzake, tartean pneumonia eta birikako minbizia. Biriken buxadura kronikoak ere gerta daitezke, adibidez bronkitis kronikoa edo lehenago enfisema deitzen zen gaixotasuna; gaixotasun horiek guztiak erretzearen ondorio izan daitezke, edo industrian sortutako gai arriskutsuak arnasteagatik, hala nola ikatz-hautsa, asbesto zuntzak edo silikatozko hauts kristalinoa. Bronkitisak arnasbideak kalte ditzake. Birikei lotutako termino mediku gehienak pulmo- hitzarekin hasten dira, latinezko pulmonarius hitzetik, edo antzinako grezierazko pneumo- hitzarekin.
Jatorri enbrionarioari dagokionez, endodermotik datozen organoak dira birikak. Umekian birikak sortzen direnean likido amniotikoz inguratuta dago, eta beraz ez dute arnasketarako balio. Umekian odola biriketatik desbideratzen da ductus arteriosus arteria erabilita. Erditzerakoan, hala ere, airea biriketatik pasatzen hasten da, desbideraketa hau ixten da, eta arnasketa hasten da. Biriken garapena haurtzaroaren hasierako fasean ematen da.