Bere gertutasuna dela eta, Martek zientzialarien arreta erakarri du aspalditik, baita biologoena ere, eta horregatik balizko bizia Marten ikergai bihurtu da azken hamarkadetan. Gaur egun (2018an) oraindik ez da biziaren arrastorik aurkitu «planeta gorri»an, nahiz eta bilaketa horretan egin diren saioak oso gutxi izan eta giza-espediziorik oraindik ez burutu.
Egindako ikerketek agerian jartzen dute iragan urrunean ura zegoela «planeta gorri»an, eta gaur egun ere ura dagoela bere kasko polarretan, izoztuta[1][2]. Ikerlari batzuek lur azpian ere ura dagoela uste dute. Edozein kasutan, ura bizitzarako ezinbestekoa izan arren, bere presentzia hutsak ez du bizia bermatzen.