Brandy | |
---|---|
ardo destilatu | |
![]() | |
Historia | |
Honen izena du | Cognac |
Brandya[1] ardo, muztio edo pattarra destilatuz erdiesten den edari alkoholikoa da eta, gurean koñaka esaten bazaio ere, brandy du izen estandarizatua, nederlanderazko brandewijn (ardo errea) hitzaren apokopetik ekarria. Litro bat brandy egiteko 3 - 5 litro ardo behar dira. Edari bizi honen ohiko alkohol edukia % 36 – 40 ingurukoa bada ere, % 60raino ere iristen da, merkaturatzean. Brandy izenari besterik ezartzen ez zaionean oinarria mahatsez eginiko ardoa duela ulertu behar da (abrikot-brandy eta zereal-brandy ere badira). Edari hau alanbiketik kolorge ateratzen da baina haritz edo artezko barrikan egonik, oxidatu eta karamelu kolorea hartuko du, gerora. Brandyaren jatorria iluna da eta, hein handi batean, destilazioaren garapenari dago lotua. Babilonia, Atenas eta Erroma klasikoetan edari alkoholdun kontzentratuak egiten ziren baina brandya, halakotzat, XII. mende inguruan agertu eta XIV.ean herritartu zen. Hastapenean, ardoa destilatzen zen, kontserbatzeko, merkatariek garraioa erraz eta arinago egin ahal izateko, zama eta bolumena kenduta. Gero, brandya ura gehituta edaten zen. Haritzezko barrikak edariari emaniko ondorio mesedegarriak gerora ikusi ziren. Munduan hainbat aldaera badaude ere, gertuko ezagunenak koñaka edo armagnaca dira.