COVID-19 pandemia Euskal Herrian | |
---|---|
Mota | agerraldi epidemiko 2019-2020ko koronabirusaren agerraldia herrialdeka |
Honen parte da | COVID-19 pandemia Europan eta 2019-2020ko koronabirusaren agerraldia Espainian |
Denbora-tarte | 2020ko otsailaren 28a - |
Data | 2020 |
Kokaleku | Euskal Herria |
Herrialdea | Espainia eta Frantzia |
Kausa | COVID-19 |
Artikulu honetan, SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako COVID-19 pandemiak Euskal Herrian 2020an izandako eragina azaltzen da. Hasiera batean, nahiz eta munduan COVID-19 pandemia gero eta gai indartsuagoa eta ezagunagoa izan, Euskal Herrian bertan oraindik ez zen kasurik ezagutzen. Horiek horrela, osasun agintariek ez zuten alertarako arrazoirik ikusten, eta ez zuten neurri berezirik hartu.[1][2] 2020ko otsailaren 28an baieztatu ziren Euskal Herriko lehen bi gaixoak, eta hurrengo egunean beste bi atzeman ziren; Araban bi, Nafarroa Garaian bat eta Gipuzkoan beste bat.[3] Martxoaren 4an lehen hildakoa izan zen Euskal Herrian: 82 urteko pertsona bat hil zen Bizkaian.[4]
Eskala handiko lehen neurriak Araban hartu ziren martxoaren 9an: kutsatzeak eragoztearren, Guardiako, Bastidako eta Gasteizko ikastetxeak ixtea.[5] Gizarte osorako lehen neurriak, berriz, martxoaren 12an heldu ziren Nafarroa Garairako, eta 13an Euskal Autonomia Erkidegorako; estatu osorako aginduak martxoaren 14an eman ziren Espainiarako, eta 17an Frantziarako. Estatu biek herritarren kaleko zirkulazioa murriztu zuten, konfinamendua aginduta.[6][7][8][9]
2020ko udaberrian pandemiak ekarri zuen lehenengo olatu hura amaituta, ekainaren azkenaldean bukatu zen konfinamendua Euskal Herrian, eta Normaltasun Berria izeneko garaia hasi zen. Ez zen pandemiaren aurretiko normaltasuna itzuli, gaitzak bizirik zirauelako, eta hortaz hari aurka egiteko neurri ugarik indarrean jarraitu zutelako. Gero, bigarren olatua etorri zen 2020ko udazkenean, eta hirugarrena 2020tik 2021era bitarteko neguan. 2021aren hasieran abiatu zen COVID-19aren aurkako txertatzea, baina oraindik laugarren olatu bat ere heldu zen, 2021eko udan.
Horren ondoren, 2021eko udaren amaieran, biztanle gehienak txertatuta zeudelarik eta gaixoen kopuruak nabarmen behera egin zuelarik, agintariak osasun larrialdiko neurriak kentzen hasi ziren.