Carlos Arias Navarro (Madril, 1908ko abenduaren 11 – ib., 1989ko azaroaren 27a), Arias Navarro markesa titulua izan zuen lehena eta Espainiako Handiki, espainiar abokatu eta politikari bat izan zen diktadura frankistan zehar.
Zuzenbidean lizentziaduna, notario eta fiskala izan zen; halaber, León, Tenerife (1952-1954) eta Nafarroako (1954-1957) gobernadore zibila, Madrilgo alkatea (1965-1973), Gobernazio ministro (1973), Gobernuko eta Joan Karlos I.aren monarkiako lehen presidentea (1973-1976).
Zuzenbideari lotutako enpleguekin hasi bazen ere, Espainiako Gerra Zibila hastean, Francoren aldera pasa zen; ondoren, Málaga konkistatutakoan, bertako errepresio gogorrean paper nabarmena izan zuen (1937) eta, horrengatik, Málagako harakina ezizena jarri zioten.
Ministro-Kontseiluko presidente izan zenean, Estatu terrorismoa toleratu izanaz salatu zuten, Jurramendiko hilketengatik (1976) batez ere. Gobernutik at geratu zenean, hainbat komunikabidek Arias Navarrok bere ministro guztien, eta Espainiako printze Joan Karlos Borboikoaren telefono-hizketaldien espioitza sistematikoa agindu zuela jakinarazi zuten[1].
Franco hil berritan, Españoles, Franco ha muerto ("Espainiarrok, Franco hil da") hitz ospetsuak irakurri zuen telebistan.