Cary Grant, jatorrizko izenez, Archibald Alexander Leach (Bristol, 1904ko urtarrilaren 18a - Davenport, Iowa, 1986ko azaroaren 29a), Ingalaterran jaiotako Ameriketako Estatu Batuetako aktorea izan zen; ziratsa ez ezik, xarmanta eta zorrotza ere izateagatik ezaguna[1].
Ingalaterran antzezle hasi zen. 1920an, AEBetan zehar bira egindakoan, bertan geratzea erabaki zuen. Broadwayen aritu ostean, Hollywoodera joan zen 1931n. Orduan, Cary Grant izena hartu zuen[2]. Komedietan hasi zen, eta haren irudi erakargarria indartu zen, gehienetan paper bera jokatu baitzuen: gizon xarmanta baina batzuetan fidagaitza; hori dela eta, nortasun handiko emazteak, hasieran dibortzioa eskatzen du, nahiz eta bukaeran, akatsak akats, Cary Grant liluragarria den[3].
Hamarkada askotan, Grant zinemara jende gehien eramaten zutenetakoa zen. Baliabide handiko aktorea zen, eta Howard Hawksen hitzetan, hoberena. Alfred Hitchcockek ere begikoa zuen, eta haren klasiko batzuetan (Suspicion, Notorious, To Catch a Thief eta North by Northwest) ageri da. Bitan Oscar sarirako izendapena jaso zuen, 1940ko hamarkadan, baina ez zuen irabazi. 1970ean bizitza osoko Oscar berezia eman zioten.