Cinco de Mayo | |
---|---|
Mota | civic holiday (en) ![]() |
Commemorates (en) ![]() | Battle of Puebla (en) ![]() |
Egun | Maiatzaren 5 |
Herrialdea | Mexiko eta Ameriketako Estatu Batuak |
Hashtag | #CincodeMayo |
Cinco de Mayo (euskaraz literalki maiatzaren 5a) Mexikoko jaieguna da, 1862ko maiatzaren 5ean izan zen Pueblako guduan Mexikoko indarren garaipenaren omenezkoa.
1862ko maiatzaren 9an, Benito Juárezek Pueblako guduaren urteurrena jaiegun nazionala izango zela adierazi zuen.[1] Gaur egungo Mexikon, Pueblako guduaren urteurrena batez ere Pueblan bertan ospatzen da eta ez da jaiegun nazionaltzat hartzen.[2] Hala ere, Cinco de Mayo izeneko kale bat gutxienez dago herrialde osoko ia herri eta hiri guztietan.[1]
Cinco de Mayo ospatzea askoz ezagunagoa da AEBetan[3]. Time aldizkariaren arabera, Cinco de Mayo ospakizuna oso ezaguna bihurtu zen herrialde honetan 1940ko hamarkadan.[4] Jaiegun honi "Mexikar Harrotasunaren Eguna"[5] edo "Latinoamerikar Harrotasunaren Eguna"[6] deitzen zaio. Horrez gain, maiatzaren 5a Mexikoko Independentzia Eguna esatea oso ohikoa da, nahiz eta okerra den.[2][7][5]
Jaiegun hau San Patrizio egunaren baliokide mexikarra dela esaten da batzuetan. Mexikoko sukaldaritzarekin, musika nazionalarekin eta dantzarekin ospatzen da. Jai eta inauteriak ospatzen dira. Zenbait eremutan, ospakizuna aste oso batez luzatu daiteke. Jaialdirik ezagunenak Chicagon, Denverren, Portlanden eta Saint Paulen egiten dira.[8]
Cinco de Mayoren ospakizunak edari alkoholdunak edatearekin batera izaten direnez, jaiegunerako ingelesezko izen komiko bat zabaldu da: Cinco de Drinko.[7][9] Kritikariek nabarmendu dute Cinco de Mayoren loturak Mexikoko edari alkoholdunen hedapenarekin jaiegun hau ezagunagoa egiten duela hainbat etnien artean, baina mexikarrei buruzko estereotipo negatiboen iturri ere bihurtzen dela.[10]