Denbora-zatiketa bidezko sarbide anizkoitza (TDMA, ingelesez: Time Division Multiple Access) multiplexazio teknologia bat da, baliabide elkarbanatuko sareetan erabiltzen dena. Denbora-zatiketa bidezko multiplexazio mota bat da, zeinetan transmisore eta hartzaile bana izan beharrean, hainbat transmisore dauden. TDMAk hainbat erabiltzailek maiztasun kanal bera erabiltzea ahalbidetzen du, seinalea denbora-bitarte (ingelesez: time slot) desberdinetan zatituz.[1] Era horretan, erabiltzaileek informazioa haien denbora tartean transmititzen dute, bata bestearen atzetik. Estazio desberdinak transmisio baliabide bera erabiltzeko gaitasuna eskaintzen du; horrek kanalaren kapazitatearen zati bat soilik erabiltzen baitu. TDMA dinamikoa TDMAren aldaera bat da, trafikoaren eskarian oinarritutako denbora-bitarteen erreserba dinamikoa egiten duena.
TDMA 2G sistema zelularretan erabiltzen da, komunikazio mugikorretako sistema orokorretan (ingelesez: Global System for Mobile Communications (GSM)), IS-136an, Personal Digital Cellularen (PDC), eta Digital Enhanced Cordless Telecommunicationseko(DECT) telefono mugikorrentzako estandarrean, besteak beste. TDMAren lehenengo erabilera satelite bidezko komunikazioetan izan zen, Western Unionen Westar 3 komunikazio satelitean, 1979an. Gaur egun, asko erabiltzen da satelite komunikazioetan,[2][3][4] combat-net irrati-sistemetan eta sare optiko pasiboen (PON) gorako trafikoan.