Deobandi (hindiz: देवबन्दी; paxtuneraz eta persieraz: دیوبندی; urduz: دیوبندی; arabieraz: الديوبندية; bengaleraz: দেওবন্দি ; oriyaz: ଦେଓବନ୍ଦି) islamiar mugimendu berpiztaile bat da islam suniaren (nagusiki hanafi eskolakoa) barnean.[1][2] XIX. mende amaieran Darul Uloom islamiar seminarioaren inguruan jaio zen, Indikoa Deoband herrian.[3][4][5] Seminarioa Muhammad Muhammad Qasim Nanautavik, Rashid Ahmad Gangohik eta beste hainbat ulemek sortu zuten 1866an,[4] hau da, Zipaioen matxinada izan eta zortzi urtera;[3][5][6][7] Deobandi mugimenduaren adar politikoa- Jamiat Ulema-e-Hind- 1919an sortu zuten eta, nazionalismo konposatuaren doktrinaren zabalkundearen bidez, Indiaren independentziaren aldeko mugimenduan paper garrantzitsua jokatu zuen.
Teologikoki, deobandiarrek Taqlid doktrina (aurrekari juridikoarekin bat datorrena) babesten dute eta Hanafi eskolari atxikitzen dira.[8] Muhammad Qasim Nanautavi eta Rashid Ahmed Gangohi deobandi eskolaren fundatzaileek islamiar eskolastikotik eta Shah Waliullah mujaddiden ideietatik eta wahhabismo ideologiaren erlijio-doktrinatik inspirazioa jaso zuten.[4] Bere lehen urteetan, Deobandi eskola kristauekin eta hinduekin era baketsuan eztabaidan aritu zen, eta, badirudi hinduek bere ezarpenaren hasierako fasean, funtzionamendu-gastuak bere gain hartu zituzten, garai hartako Deobandi filosofoek hinduen, kristauen eta musulmanen batasunaz, multikulturalismoz eta Indiako banaketaren aurkakoez hitz egin zutelako.
1970eko hamarkadaren amaieran, Afganistanen eta Pakistanen mugimendua wahhabismoaren eraginpean egon zen.[3] 1980ko hamarkadaren hasieran eta 2000ko hamarkadaren hasieran Saudi Arabiak deobandiar batzuk finantzatu zituen. Pakistango gobernuak bere jarraitzaileak babestu zituen Sobietar Batasuna eta India (Kaxmirren) borrokatzeko. Gerora, diruak eta armak gatazka zibila piztu zuten. Gaur egun India, Pakistan, Afganistan eta Bangladeshen errotuta dago, eta Erresuma Batutik[9] eta Hegoafrikatik[10] ere zabaldurik dago. Indiaren partiziotik aurrera, arrazoi politikoengatik, pakistandar eta afganiar adarrak eta indiar jatorrizko seminarioak autonomoagoak dira. Deobandi mugimenduaren jarraitzaileak oso ezberdinak dira, batzuk bakezaleak dira eta beste batzuk militanteak.[11] Darul Uloom Deobandek talibanen ekintza zibilen alde egin du,[12] baina 2000ko hamarkadan behin eta berriz kondenatu zuen islamiar terrorismoa eta, 2008an, haren aurkako fatwa bat argitaratu zuen.[3]