Diodoa bi elektrodo (anodo eta katodo bat) dituen osagai elektroniko aktiboa da, korronte elektrikoa noranzko bakar batean baino eroaten uzten ez duena.
Diodo erdieroalea, gaur egun gehien erabiltzen dena, material erdieroaleko pieza kristalino bat da, bi terminal elektrikoetara konektatuta p–n juntura duena[1]. Korronte-tentsio ezaugarri esponentziala du. Diodo erdieroaleak izan ziren lehen gailu elektroniko erdieroaleak. Mineral kristalino baten eta metal baten arteko kontaktuan eroapen elektriko asimetrikoa, Ferdinand Braun fisikari alemaniarrak aurkitu zuen, 1874an. Gaur egun, diodo gehienak silizioz eginak daude, baina beste material erdieroale batzuk ere erabiltzen dira, hala nola galio artseniuroa eta germanioa[2].
Diodo termioniko zaharkitua bi elektrodo, katodo berotu bat eta plaka bat dituen balbula termoioniko bat da. Bertan, elektroiak noranzko bakarrean joan daitezke, katodotik plakara.
Erabilera askoren artean, diodoak artezgailuetan daude korronte alternoaren potentzia (AC) korronte zuzen (DC) bihurtzeko, demodulazioa irrati-hargailuetan, eta logikarako edo tenperatura-sentsore gisa ere erabil daitezke. Diodo baten aldaera komun bat argia igortzen duen diodo (LED) bat da, eta gailu elektronikoetan argiztapen elektriko eta egoera-adierazle gisa erabiltzen da.