Domain Name System

DNS edo Domain Name System host-en izenak eta domeinu izenen informazioa gordetzeko sistema bat da, hierarkizatutako eta banatutako datu-base sare moduko batean, Internet adibidez. Garrantzitsuena, host izen bakoitzeko IP helbide bat ematen du, eta domeinu bakoitzaren posta trukaketa zerbitzariak zerrendatzen ditu.

Honela, edozein sare-aplikaziok (bai bezero-zerbitzari eta baita P2P motakoek) makinak bilatzeko IP helbideak behar dituzte. Baina gizakiontzat askoz errazagoa da izenak ikastea IP helbideen ordez. Horrexegatik DNS zerbitzua existitzen da, gizakiok ezagutzen ditugun izen horietatik (adibidez www.google.com, www.yahoo.es etab.) haien makinei dagozkien IP helbideak lortzeko. Alderantzizko prozesua ere egin behar du DNS-k; hau da, IP helbide batetik domeinuaren izena lortzea.

DNS zerbitzariak, banatutako eta hierarkizatutako datu base bat erabiltzen du, non Internet bezalako sareetako domeinuen izenen informazioa gordetzen den. Hala izanik, nahiz eta DNS-k era askotako informazioa lotu dezakeen izen bakoitzarekin, erabilera arruntenak IP helbideentzat domeinuen izenak esleitzea eta domeinu bakoitzaren posta elektronikorako zerbitzariak lokalizatzea dira.

Askotan erabiltzen den analogia bat DNS azaltzeko, telefono-aurkibidearena da, zeinek pertsonen eta haien telefono zenbakien arteko lotura ezartzen duen. DNS-k, era berean, pertsonentzat egokiak diren domeinuen izenen eta hauei dagozkien IP helbideen arteko lotura ezartzen du. Adibidez, www.example.com domeinuaren izena 93.184.216.119 (IPv4) eta 2606:2800:220:6d:26bf:1447:1097:aa7 (IPv6) helbideetan itzultzen du. Telefono-aurkibidea ez bezala, DNS oso azkar berritu daiteke, zerbitzu baten kokapena sarean aldatzea baimenduz, erabiltzaileei eragin gabe, domeinuaren izenak bera izaten jarraituko duelako.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne