Elektronegatibotasuna, χ ikurrarekin adierazten dena, atomo baten (edo, gutxiagotan, talde funtzional baten) potentzia deskribatzen duen propietate kimikoa da.[1] Linus Pauling-ek proposatu zuen lehen aldiz 1932an, balentzia-loturaren teoriaren garapen gisa.[2] Elektronegatibotasuna ezin da zuzenean neurtu eta beste propietate atomiko edo molekular batzuetatik abiatuz ondorioztatu behar izaten da. Hainbat kalkulu-metodo proposatu dira eta, bakoitzarekin erdietsitako balioetan ezberdintasun txikiak egon daitezkeen arren, metodo guztiek erakusten dituzte elementu kimikoen arteko joera periodiko berak.
Normalean Pauling-ek berak proposatutako kalkulu-metodoa erabiltzen da. Emaitza 0,7tik 4,0ra doan eskala batean adierazten den dimentsiorik gabeko kantitate bat da, Pauling-en eskala deritzona. Eskala honetan hidrogenoak, esaterako 2,2ko emaitza dauka. Beste metodo batzuk erabiltzen direnean, kobentzioz (ez da derrigorrezkoa), emaitzak zenbakizko balio berak dituen eskala batean adierazten dira: Pauling-en unitateak erabiliz adierazitako elektronegatibotasun deritzo.
Elektronegatibotasuna ez da propietate atomiko bat zentzu hertsian, baizik eta molekula batean dagoen atomo baten propietatea.[3] Atomo aske baten propietate baliokidea elektroi-afinitatea da. Elementu baten elektronegatibotasuna ingurune kimikoa aldatzean aldatuko dela espero daiteke,[4] baina gehienetan propietate transferigarria dela kontsideratzen da, hau da, egoera ezberdin askotan antzeko balioak izango dituela.