Eragindako abortuaren legezkotasuna, munduan: Legezkoa, eskatzea aski. Legezkoa, arrazoi hauetakoren bat izanez gero: bortxaketa, amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua, gizarte eta ekonomia faktoreak, umekiaren akatsak. Legezkoa, arrazoi hauetakoren bat izanez gero: bortxaketa, amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua, umekiaren akatsak. Legez kanpokoa, salbuespen hauek izan ezik: bortxaketa, amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua. Legez kanpokoa, salbuespen hauek izan ezik: amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua. Legez kanpokoa, salbuespenik gabe. Eskualde batetik bestera aldatzen da. Informaziorik ez dugu.
Eragindako abortua[1] edo haurdunaldia borondatez etetea[2] (HBE) legeak onartutako baldintzetan, haurdun dagoen emakumearen berariazko baimenarekin eta abortuak praktikatzen diren zentro eta establezimendu publiko zein pribatu batean mediku baten eskutik egindako abortua da. Lege-baldintzak aldatu egiten dira herrialde batetik bestera.[3]
OMEren kalkuluen arabera, urtean 56 milioi eragindako abortu inguru egiten dituzte munduan,[4] eta horien %45a inguru modu ez-seguruan egiten dituzte.[5] Abortu-tasak gutxi aldatu ziren 2003 eta 2008 artean, eta hori baino lehen, gutxienez bi hamarkadatan behera egin zuten, familia-plangintza eta jaiotza-tasaren kontrola handitu ahala.[6][7] 2008tik aurrera, munduko emakumeen % 40k justifikatu gabeko legezko abortuak egiteko aukera zuen.[8] Abortuak baimentzen dituzten herrialdeek hainbat baldintza dituzte: haurdunaldian abortua zein aurreratuta dagoen edo abortua egiteko arrazoiak zein diren.[8] Sexuaren araberako abortu selektiboak egitea moralaren aurkakoa den arren,[9] 1970-2017 aldian 23,1 milioi neska "jaiotza falta" dela kalkulatu da.[10] Desoreka hori batez ere Txinak eta Indiak eragiten dute.[10]
Historikoki, abortuak belarrez egindako medikamentuez, tresna zorrotzez, masaje sendoez edo beste metodo tradizional batzuez eragin dituzte.[11] Abortuari buruzko legeak eta abortuei buruzko iritzi kultural, filosofiko, legal eta erlijiosoak desberdinak dira mundu osoan. Zenbait lekutan, abortua soilik kasu jakin batzuetan legezkoa da: bortxaketa, fetuarekin arazoak, pobrezia, emakume baten osasunerako arriskua edo intzestua.[12] Leku askotan eztabaida handia dago abortuaren arazo moral, etiko eta legalen inguruan.[13][14]
Legearen arabera baimentzeko argudioen artean, herrialde garatuek haurdunarentzat klandestinitatean baino arrisku txikiagoa ekar dezakeela hobesten dute.[15][16] Metodo modernoek medikamentuak edo kirurgia erabiltzen dituzte abortuak eragintzeko.[17] Batzuen arabera, mifepristona, prostaglandinarekin konbinatuta, haurdunaldiaren lehen eta bigarren hiruhilekoetako kirurgia bezain segurua eta eraginkorra dela dirudi,[17][18] nahiz eta Estatu Batuetako Medikuntza Liburutegi Nazionalak horri buruzko ebidentzia faltaz ohartarazi.[19] Kanadako Aldizkari Obstetrikoaren arabera, segurtasunik gabeko abortuek (kalifikatu gabeko pertsonek, ekipo arriskutsuarekin egindakoak edo instalazio osasungaitzetan egindakoak) 47.000 heriotza eta 5 milioi ospitaleratze eragiten dituzte urtero.[20][21] Osasunaren Mundu Erakundeak emakume guztientzat eskuragarri dauden abortu seguruak eta legalak gomendatzen ditu.[22]