Eremu elektromagnetikoa da karga elektriko higikorren abiadura-aldaketak eragindako espazioaren propietatea. Pausagunean dagoen karga batek eremu elektriko bat sortzen du bere inguruko espazioan. Aldiz, karga higikorrek, hots, korronte elektrikoek, eremu magnetikoa sortzen dute. Bada, eremu elektromagnetikoa eremu magnetikoaren eta elektrikoaren arteko konbinazio baten bidez sortzen da. [1] [2]
Eremu elektromagnetikoa bi eremu bektorialez osatuta dago, hau da, eremu horiek definitzen dituzten bi bektoreek espazioko puntu bakoitzean eta une batean balio jakin bat dute. Pausaguneko kargek eta korronteek eremu magnetikoarekin duten elkarrekintza Maxwellen ekuazioen eta Lorentzen indarraren legearen bitartez deskribatzen da.
Hainbat tokitan topatzen da eremu elektromagnetikoa; horietako zenbait naturan bertan aurkitzen dira: Eguzkiaren erradiazioa edota Lurraren beraren eremu magnetikoa, adibidez.