Erna Solberg (Bergen, Norvegia, 1961eko otsailaren 24a - ) norvegiar politikaria da, herrialde horretako Lehen Ministroa 2013tik 2021rera eta 2004tik Norvegiako Alderdi Kontserbadorearen liderra[1]. "Burdinezko Erna" izengoitia eman diote, Margaret Thatcherren "Burdinezko Andrea" izengoitia gogoraraziz[2][3][4][5].
1989an aukeratu zuten lehen aldiz Stortingerako, eta Kjell Magne Bondeviken bigarren gobernuan Herri Agintaritza eta Eskualde Garapenerako ministro izan zen, 2001etik 2005era. Bere agintaldian migrazio politika estutu zuen eta Norvegiako banaketa administratiboaren erreforma bat abiatu zuen[6]. 2005eko hauteskundeen ostean Alderdi Kontserbadorearen talde parlamentarioaren zuzendaritza hartu zuen, 2013ra arte. Solbergek politika kontserbadoreen alderdi sozial eta ideologikoan sakondu du, nahiz eta alderdia, aldi berean, pragmatikoago bilakatu zen.
2013ko hauteskundeak irabazi ostean Solberg Norvegiako 28. lehen ministro hautatu zuten, bigarren emakumea Gro Harlem Brundtlanden ostean. Solbergen gobernua, "Urdin-Urdin Kabinetea" izengoitiarekin ezagutu zena, Alderdi Kontserbadorearen eta Progresuaren Alderdiaren arteko koalizio bat izan zen. Stortingeko Alderdi Liberalarekin eta Kristau Demokratarekin ere aliantzak sortu zituen. 2017an gobernua berriro hautatu zuten eta Alderdi Liberala sartu zen 2018an[7]. 2018ko maiatzean Solberg bilakatu zen denbora luzeen gobernatu zuen kontserbadorean, Kåre Willochen gobernuak gainditu ostean[8]. 2019ko urtarriletik aurrera Alderdi Kristau Demokratarekin ere gobernatzen du.