Errealismo filosofiko

Platonen estatua, Municheko Glyptothek museoan.

Errealismoa ez da jarrera propio gisa deskribatzen, beste gai batzuekiko ikuspegi modura baizik. Gauza mota jakin bati buruzko errealismoa (zenbakiei edo moralari buruzkoa, adibidez) tesi bat da, horrelako gauzek gogamenarekiko existentzia independentea dutela defendatzen duen tesia, objektuok ez direla ikuslearen begietako irudi hutsa, alegia[1] [2][3].  Errealismo filosofikoa deritzo, esaterako, objektuaren eta subjektuaren arteko bereizketa ontologikoari buruzko teoria filosofikoen multzoari, errealitatearen berezko existentzia, subjektuaren gogamenaz haraindi objektuak benetan existitzen direla, baieztatzen dutenak.

Tesi hauek baieztapen xalo eta akritiko soilak izan daitezke, zentzumenen ageriko ebidentzian baizik oinarritzen ez badira. Errealismo filosofikoak, ordea, arrazoibidez eusten dio pentsamendutik eta esperientziatik independentea den mundu erreal baten existentziari, baina ez dio mundua den bezala hautematen dugunik. Beraz, baieztapen ontologiko bat da, ezagutzaren edo epistemologiaren teoria jakin bat barne hartzen duena (existitzen den kanpoko mundua ezagutu daiteke), baita pertzepzioari buruzko teoria bat ere (gauzak ez dira zertan hautematen diren bezalakoak).

Metafisikan, berriz, objektuek behatzen duen subjektuarekiko existentzia independentea dutela adierazten du. Zentzu horretan, anti-errealismoaren, eszeptizismoaren, idealismo forma batzuen (idealismo subjektiboa, idealismo transzendentala, solipsismoa) eta, neurri batean, konstruktibismoaren aurkakoa da. Bere forma muturrekoan, errealismo inozoa deritzonekoan, zentzumenek hautematen dituzten gauzak diruditena direla pentsatzen da. Bertsio konplexuagoetan, batzuetan errealismo metodikoa deitzen zaienetan, aldiz, objektuaren eta behatzailearen arteko erlazioaren azalpena ematen da ilusioak, haluzinazioak eta pertzepzioaren beste akats batzuk gertatzeko aukera aintzat hartuz.

Errealismoak epistemologiaren eta metafisikaren baitako hainbat jarrera barnebiltzen ditu, beraz; [4] zeinak aplika dakizkiekeen mundu fisikoari, iraganari nahiz etorkizunari, edota niari. Gainera, eta nahiz eta modu ez hain zuzenean izan, kontzeptu unibertsalekin, egia matematikoekin, egia moralekin eta norberaren pentsamenduarekin ere erabili daitezke. Hala ere, errealismoak errealitatearen tratamendu metafisikoak erabat baztertzen dituzten hainbat jarrera izan ditzake [5].

Errealismoa defendatzen duten filosofoek esan ohi dute egia irudikapen kognitiboen eta errealitatearen arteko elkarrekikotasunean datzala [6]. Errealistek uste dute sinesten dugun guztia errealitaterako hurbilketa bat besterik ez dela, baina ulermenaren zehaztasuna eta osotasuna hobetu egin daitezkeela.

Testuinguru batzuetan, errealismoa idealismoari kontrajartzen zaio. Gaur egun, oro har, anti-errealismoari kontrajartzen zaio, adibidez zientziaren filosofian.

Errealismo terminoa beren artean oso ezberdinak diren korronte filosofikoei aplikatzeko arrazoia bere izaera da. Materiala izan daiteke, baina baita zerbait metafisikoa ere. Errealismoa objektu eta fenomeno filosofiko askori aplika dakieke, hala nola entitate matematiko bati, ideia bati, teoria zientifiko bati, beste buru batzuei, iraganari, etorkizunari, kategoria moralei, mundu fisikoari eta pentsamenduari.

  1. Craig, Edward. «Realism and antirealism» Routledge Encyclopedia of Philosophy (Routledge) (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  2. Malin, Heather; Damon, William. (2019-03). «Purpose» Character Lab Playbook  doi:10.53776/playbooks-purpose. ISSN 2769-3147. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  3. Loux, Michael J.. (2005-09-08). «Realism and Anti-Realism: Dummett's Challenge» Oxford Handbooks Online  doi:10.1093/oxfordhb/9780199284221.003.0022. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  4. Khlentzos, Drew. (2004). Naturalistic Realism and the Antirealist Challenge.  doi:10.7551/mitpress/4870.001.0001. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  5. Petrov, Kristian. (2019-03-04). «‘Strike out, right and left!’: a conceptual-historical analysis of 1860s Russian nihilism and its notion of negation» Studies in East European Thought 71 (2): 73–97.  doi:10.1007/s11212-019-09319-4. ISSN 0925-9392. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  6. «Schluss» Veritas est adaequatio intellectus et rei (BRILL): 184–185. 1992-01-01 (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne