Erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza (ingelesez Magnetic Resonance Imaging, MRI) prozedura ez-inbaditzaile bat da, eta erresonantzia magnetiko nuklear deritzon fenomenoa darabil objektu baten barnealdea aztertzeko. Medikuntza irudigintza alorrean erabiltzen da batik bat, ehunen aldaketa fisiologiko nahiz patologikoak ikertzeko. Horrez gain, MRI teknikak badu beste erabilpenik ere, harkaitzek hidrokarburoekiko duten iragazkortasunaren kuantifikazioan edota laborantzako nahiz zur industriako produktuen kalitate-ezaugarrien neurketarako azterketa medio ez-suntsitzailetzat kasu.
MRI teknika ez da kimikan erabilitako NMR (Nuclear Magnetic Resonance) espektroskopiarekin nahastu behar, biak ala biak printzipio berean (erresonantzia magnetiko nuklearrean) oinarrituta egon arren. Izan ere, MRIa materiaren atomoen nukleoen seinaleari aplikatutako NMR azterketa sorta bat baita. Oro har, uretan aurkitzen diren hidrogeno atomoen berezitasunak erabiltzen dituzte batak zein besteak, baina MRI metodoak informazio espaziala eskuratzea helburu duen bitartean, NMRak espektroskopiak molekulei buruzko informazio kimikoa lortzea du helburutzat. Hortaz, azterketa mota bat zein bestea egiteko, oinarrizko ekipamendu berdina erabiltzen da.[1]
Medikuntzan erabilitako MRI eskanerren eremu magnetikoaren intentsitatea 0.1 eta 3 Tesla (T) bitartean egon ohi da normalean. Hala ere, 21.1 Teslara arteko makinak ere egitea ahalbidetzen du egungo teknologiak (900 MHzetan dabiltzan unitateen kasuan; ikusi koefiziente giromagnetikoa eta Larmorren frekuentzia). Tesla bakoitzeko makinaren kostua milioi bat dolar (USD) garestitzen da gutxi gora-behera, eta mantenuak hainbat ehunka milaka dolarreko kostu gehigarria du urteko.