Latina eta Grezieraren Koiné dialektoa ziren Erromatar Inperioko hizkuntz ofizialak, baina beste hizkuntza batzuk ere garrantzitsuak ziren bere eskualdeetan. Latina erromatarren jatorrizko hizkuntza zen eta inperioaren administrazioaren, legeen eta armadaren hizkuntza izaten jarraitu zen garai klasikoan.[2] Mendebaldean Lingua Franca bilakatu zen, alegia, hizkuntza ezberdinak zituzten hiztunek euren artean hitz egiteko erabiltzen zutena. Hirietako administrazioan ere erabili zen, epaitegietan barne.[3][4]. K.o. 212. urtean constitutio Antoniniana izenez ezagutzen den ediktoari esker, Inperioko gizon libre guztiek erromatar hiritartasuna lortu zutenean, erromatar hiritar askok ez zekiten latinez, nahiz eta hizkuntza bera "erromatartasunaren" adierazgarria zen.[5]
Greziera oso hedatua zegoen Mediterraneo ekialdean amankomuneko hizkuntza moduan. Are gehiago, diplomaziaren hizkuntza ere bazen ekialdean, inperioaren mugez haratago. Koine grekoa ekialdeko Mediterraneoaren eta Ekialdeko komunikazio diplomatikoen inguruko hizkuntza partekatua zen, baita Inperioaren mugetatik haratago ere. Grekoaren nazioarteko erabilera kristautasunaren hedapena ahalbidetu zuen baldintza bat izan zen. Esate baterako, grekoa Bibliako Itun Berriaren hizkuntza gisa hautatu zuten[6] eta Erromatar Inperio Kristauaren kontzilio ekumenikoetarako erabili zuten, latinaren ordez. Inperioa Mendebaldean desegin zenean, grekoa Erromatar Inperioaren hizkuntza nagusi bihurtu zen Ekialdean, gaur egun Bizantziar Inperioa izenaz ezagutzen dugun horretan.
Antzinako gizarteko komunikazioa nagusiki ahozkoa zenez, zaila izan daiteke zehaztea eskualdeko edo tokiko hizkuntzak zenbateraino hitz egin edo erabili ziren beste helburu batzuetarako erromatarren menpe zeuden lurraldeetan. Horren aztarnak batzuk inskripzioetan daude, edo Greziako eta Erromako testuetan, beste hizkuntza batzuk aipatzen direnean, edota interpreteen beharraz idazten dutenean. Punikoa, Koptoera, eta Aramera edo Siriakoari dagokionez, epigrafia edo literatura kopuru esanguratsuak bizirik dirau[7]. Zelta hizkuntzak asko zabaldu ziren mendebaldeko Europako zati handi batean, eta hezkuntza zeltikoa ahozkoa zenez, erregistro idatzi gutxi utzi zituen bitartean [8], zelten epigrafia mugatua da, baina ez arraroa[9]. Inperioko hizkuntza germanikoek ez dute inskripziorik ez testurik, gotikoak izan ezik[10] . Eleaniztasunak "kultura-triangulazioan" lagundu zuen; horren bidez, greziarra edo erromatarra ez zen gizabanako batek identitate bat eraiki ahal izango zuen erromanizazio - eta helenizatze- prozesuen bidez[11].
Antzinate berantiarrean botere politikoa deszentralizatu ondoren, latina hainbat adarretan garatu zen Mendebaldeko probintzietan, gerora hizkuntza erromantze bihurtu zirenak: gaztelania, portugesa, frantsesa, italiera eta errumaniera barne. XXI. mendearen hasieran, latinetik eratorritako hizkuntzaren bat zen mila milioi pertsona baino gehiagoren lehen edo bigarren hizkuntza[12]. Latina nazioarteko adierazpide gisa mantendu zen diplomaziarako eta Errenazimentuko humanismoarekin identifikatzen ziren idazlanetarako, XVII. mendera arte. Zuzenbidean eta Eliza Katoliko Erromatarrean, aldiz, gaur egun arte erabili da.