Eskaiola, igeltsu naturaletik lortzen den produktu industrial bat da.
Kalitate handiko eta ale oso fineko igeltsua da, igeltsu natural mineralean duen proportzioa %90etik gorakoa delarik, oso purua beraz.
Espainian, eraikuntzan asko erabiltzen den material bat da, zuri kolorekoa, ale finekoa, ezpurutasun oso gutxi ditu, igeltsu zuriak baino gutxiago, eta "sabai faltsu"etan erabiltzen da, baita eraikinen paramentuetako akaberetan ere.
Hitza, italierako Scaglióla hitzetik dator, Scágliaren txikigarria, latinetik Scaliolae, talkoaren antz apur bat duen harri zuria.
XIX. mende hasierararte, eskaiola bezala igeltsu eta igeltsu espatiko nahasketa bat ulertzen zen, kola urez oreatua. Ikuspegi tradizionaletik, igeltsua eta eskaiolaren arteko ezberdintasuna, igeltsu naturalean duten purutasuna, eta, batez ere, granulometria da, eskaiola finagoa baita. Igeltsuak %70a baino gehiagoko purutasuna duen bitartean, eskaiolak %90etik gorakoa izan behar du. Industria arloan, ez dago bata eta bestearen arteko ezberdintasunik. Akaberazko igeltsu edo eskaiolak, proiektatzekoak...
Eskaiolaren konposaketa kimikoa, gehienbat erdihidrataturiko kaltzio sulfatoa da:CaSO42•H2O, igeltsu natural arrastoekin eta III. faseko Anhidritarekin batera, konposaketaren arabera ezaugarri ezberdinak izan ditzakeelarik.