Espainiako gripea | |
---|---|
Mota | influenza pandemic (en) pandemia gaixotasun infekzioso zoonosi agerraldi epidemiko |
Denbora-tarte | 1918ko urtarrila - 1920ko abendua |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Abiapuntu | Fort Riley (en) Haskell konderria Camp Funston (en) Étaples |
Kausa | influenza A virus subtype H1N1 (en) |
Kasu kopurua | 500.000.000 |
Pertsona hilak | 50.000.000 |
Kronologia | |
Lehen Mundu Gerra | |
Osatuta | |
1918ko gripe pandemia —Espainiako gripea ezizenaz ere ezaguna— 1918. eta 1919. urteetan munduan 500 milioi pertsona kutsatu[1] eta 20-100 milioi lagun hil zituen gripe pandemia izan zen[2][3][4]. 1918ko urtarrilean hasi zen eta 1920 arte iraun zuen, Artikoraino eta Pazifikoko uharteetaraino ere hedatuta. Ohiz kanpoko gripe pandemia larria izan zen, H1N1eko A azpimotako birusaren kariaz[5]. Historian izandako pandemia larrienetarikoa izan zen[2][6][7], eta gaur egun ere ez dugu aski datu historiko eta epidemiologikorik haren jatorri geografikoa zehazteko.
Gaixotasun kutsakorrek bizi-itxaropena murriztua zuten XX. mendearen hasieran. Baina pandemia honen lehen urtean, Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, bizi-itxaropena 12 urtetan murriztu zen[8][9]. Gripe gehienek gazte, zahar eta beste gaixotasunen batengatik ahuldutakoak hiltzen dituzte, baina 1918ko gripe pandemiak osasuntsu zeuden gazteak hil zituen batez ere[10].
Zientzialariek pandemia hau azaltzeko hainbat azalpen proposatu dituzte. Ikerketa batzuek proposatzen dute birusaren bariantea berez zela agresiboa. Ikerlari talde batek biktimen ehun izoztuen laginak erabili eta birusa erreproduzitzea lortu zuten. Ikerketa horretan aurkitu zuten, infekzioa animalietan gertatzen zenean, arnas-aparatuaren akats orokorra ekartzen zuela, eta gorputza hiltzen zela zitokina ekaitz baten ondorioz, hau da, gorputzaren gehiegizko erreakzio immunitarioaren ondorioz. Horrek azaldu lezake bere ezohiko izaera larria eta biktimen adin profila hain zehatza eta mugatua izatea, gazte helduek immunitate-sistema sendoa baitute; heriotza tasa baxuagoa izan zuten profiletan (haur eta adinekoak), aldiz, immunitate-sistema ahulagoa da[11].
Azkenaldian egindako ikerketek jatorrizko txosten-medikuak hartu dituzte oinarri[12][13]. Aurkitu dute birusa ez zela izan beste gripe batzuena baino birulentoagoa, baina epidemia gertatzeko baldintza bereziak zeudela, batzuk Lehen Mundu Gerrari lotuak, tartean elikadura eskasa, ospitaleak eta eremu medikuak gainezka egotea, higienerik eza... Ondorioz, infekzio bakterianoa sortu zen, biktima gehienak hil zituena, normalki ohean hilzorian egon ostean[14][15]. Garaiko datu medikuak ez dira nahikoak pandemiaren jatorri geografikoa identifikatzeko[1]. 1920ko hamarkadako entzefalitis letargikoaren agerpenean paper zuzena izan zuen[16].