Estatubatuar eszepzionalismoa Ameriketako Estatu Batuak berez beste nazio batzuen gainetik daudela sinestea da.[1]
Sinesmen horren aldeztaileek argudiatzen dute Estatu Batuetako balioak, sistema politikoa eta historia bakarrak direla giza historian. Askotan, adierazi nahi izaten dute Estatu Batuek nazioartean zeregin berezia eta positiboa betetzeko eskubidea dutela eta horretarako prestatuta daudela.[2]
Alexis de Tocqueville frantziar zientzialari politiko eta historialariaren oharretan eta idatzietan du sorburua; bereziki, Estatu Batuak Britainia Handiarekin eta bere jaioterri Frantziarekin konparatuz egin zituen idatzietan. Tocqueville izan zen 1831n han egindako bidaien ondoren herrialdea «ohiz kanpokoa» zela adierazi zuen lehen idazlea.[3] Estatubatuar eszepzionalismoa terminoaren lehen erabilera dokumentatua Estatu Batuetako komunistek egin zuten, komunisten arteko barne borroketan ari zirela, 1950eko hamarkadaren amaieran.[4]
Seymour Martin Lipset politologoak dioenez, Estatu Batuak apartekoak dira, iraultzazko gertaera batetik abiatu baitziren. Beraz, estatubatuar eszepzionalismoaren Ameriketako Estatu Batuetako Iraultzan kokatzen du, eta adierazten du Estatu Batuak ideologia bereziko «lehen nazio berritzat» sortu zela.[5] Ideologia hori, Lipsetek amerikanismoa deitua —baina, sarritan, estatubatuar esezpzionalismoa izenaz ere aipatua, askatasunean, berdintasunean, indibidualismoan, errepublikanismoan, demokrazian eta laissez faire ekonomian oinarritzen da; printzipio horiek, batzuetan, kolektiboki estatubatuar eszepzionalismo izenaz aipatzen dira.[6] Gizarte zientzietako terminotzat, estatubatuar eszepzionalismoa Estatu Batuen estatusari dagokio, munduan muturreko datua den aldetik. Kontzeptuaren kritikariek eta nazionalistek diote estatubatuar eszepzionalismoa terminoak iradokitzen duela Estatu Batuak beste herrialde batzuk baino hobea dela, goragoko mailako kultura duela, edo mundua eraldatzeko eginkizun bakarra duela.